GENERO-BERDINTASUNAREN IKUSPEGIA etapa guztietan, genero-indarkeriaren prebentzioa eta aniztasun afektibo-sexualarekiko errespetua 

 

Genero-berdintasun erreal eta eragingarriaren bidean, hezkuntza-sistemari erreferentzia zuzena egiten dioten legeak hainbat dira. 3/2007 Lege Organikoak, “Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako” legeak, 24. artikuluan ezartzen ditu berdintasun-printzipioa hezkuntza-politikan barneratzearen inguruko alderdiak. Honela dio: 

 

“Hezkuntza-administrazioek emakumeei eta gizonei hezkuntzarako eskubide bera bermatuko diete, tratu-berdintasunaren printzipioa modu aktiboan barneratuz, hezkuntza-helburu nahiz -jardueretan, eta emakumeen eta gizonen artean desberdintasunak sortzea saihestuz, jokabide sexistengatik edo halakoekin zerikusia duten gizarte-estereotipoengatik.” 

 

Era berean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, berdintasuna ageriko zein ezkutuko curriculumean landuko da, besteak beste, emakumeen jakinduria eta ekarpen soziala azpimarratuz, irudien eta hizkuntzaren erabilera inklusiboa eginez, baliabideen eta espazioen erabileran eta antolakuntzan genero-berdintasuna zainduz eta emakumeen aurkako indarkeria prebenituz eta tratu ona sustatuz. Honela, sexu eta genero desberdintasunetatik harago doan aniztasunarekiko begirada irekiagoa eta aberatsagoa zabaltzen dituen hezkuntza esku-hartzea garatu ahal izango da.  

 

Ondorioz, hezkuntza-sistemaren printzipio gidariek hezkidetzaren bidezko genero-berdintasunaren ikuspegia ere jaso dute. Hezkidetza, bere osotasunean, hezkuntza-sistemaren ildo estrategikoa da eta ikastetxeen erabaki pedagogikoen irizpide orientatzailea. Sexuaren, sexu-orientazioaren, identitatearen edo genero-adierazpenaren araberako estereotipoez eta rolez kanpo dagoen hezkidetzan oinarritutako hezkuntza funtsezkoa da pertsonaren garapena errazteko. Horregatik, emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarriaren ikaskuntza, genero-indarkeriaren prebentzioa eta aniztasun afektibo-sexualarekiko errespetua etapa guztietan sustatuko dira hezkuntza-etapa bakoitzak berezko idiosinkrasiara egokituz. Bigarren hezkuntzan, ikasleen hezkuntza- eta lanbide-orientazioa txertatzen da, ikuspegi inklusiboa eta ez-sexista oinarri hartuta.  

 

EAEko hezkuntza-sistemarako II. Hezkidetza Plana, berdintasunaren eta tratu onaren bidean (2019-2023)” planaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, hezkidetza-eskola ereduan aurrera egiten jarraitzeko baliabideak eskaintzen ditu, ikastetxeek genero-ikuspegia beren kulturan, politiketan eta jardunbideetan egiten duten lanean bultzada jaso dezaten. Planaren helburuen artean daude, emakumeen aurkako indarkeriaren aurreko prebentzioa, detekzio goiztiarra eta erantzun eraginkorra lortzeko mekanismoak martxan jartzea ere indarra ematea. 

 

Hezkidetzaren lanketa osatu hori bermatze aldera, hezkuntza-etapa guztietan ardatz izango diren zutabeak definitu dira: 

  1. Pentsamendu kritikoa sexismoaren aurrean.  

  1. Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista.  

  1. Emakumeen jakinduria integrazioa eta haien ekarpen sozial eta historikoa.  

  1. Gatazken eraldaketa baketsua, hezkidetzako elkarbizitzarako proiektuen bidez.  

  1. Autonomia pertsonala eta independentzia ekonomikoa.  

  1. Espazioak ikastetxean eta eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak.  

  1. Berdintasunezko hezkuntza afektibo eta sexuala.  

  1. Emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa eta indarkeria kasuetan esku-hartzea.