Hezkuntza digitalaren garapena

 

Gure gizartean, gure egunerokotasunean, informazioaren eta komunikazioaren teknologiek berebiziko presentzia eta garrantzia hartu dute. Horrek eragin handia bezain sakona ekarri du eremu asko eta askotarikoetan (bizikidetzan, kulturan...). Izan ere, informazioaren eta komunikazioaren teknologiek errealitatea bera ere ulertzeko modu berriak eragin dituzte. 

 

Gainera, inpaktu hori gizarte osora hedatu da. Helduen artean duten pisuaz gain, haur, nerabe eta gazteen artean ere gero eta sustraituagoak daude. Bertan, ikasi, harremanak izan, kontsumitu, aisialdiaz gozatu eta neurri handian, bizi dira.  

 

Beraz, informazioaren eta komunikazioaren teknologiek gure egunerokoan izan duten bilakaerarekin bat egingo duen begirada berritua garatu beharra dago, non alderdi teknologikoez gain, pertsonalak, sozialak, ekonomikoak eta ingurumenekoak ere kontuan hartuko diren eta haien inguruko hausnarketa etikoa sustatuko den. Konpetentzia digitalaren dimentsio zabalago baten aurrean gaude.  

 

Beraz, hezkuntzak aldaketa digital eta teknologiko honi erantzungo badio, eduki espezifikoez gain zeharkako ikuspegia ere landu beharko du konpetentzia digitalaren garapenean. Konpetentzia digitala ez da gailuak eta aplikazioak erabiltzen ikastea soilik. Gainera, gainerako funtsezko konpetentziak bezala, hezkuntza-etapa guztietan landuko da, beti ere, haur eta ikasleen garapen mailara egokituta. 

 

(xxx/2022 Dekretua, xxxaren xx(e)koa (egun, zirriborroan), Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa, ikasleen irteera profilaren barruan konpetentzia digitalaren nondik norakoak zehazten ditu:  

“Konpetentzia digitalak ikaskuntzarako, lanerako eta gizartean parte hartzeko teknologia digitalen erabilera kritikoa, segurua, osasungarria, iraunkorra, sortzailea eta arduratsua eskatzen du, bai eta teknologia horien bidez pertsonekin edo gailuekin elkarreragitea ere. 

Konpetentzia digitalaren barruan sartzen  dira informazioaren eta datuen alfabetizazioa, komunikazio eraginkorra eta hainbat kanal eta inguruneren bidezko lankidetza, hainbat hizkuntzaren erabilerari buruzko alfabetatze mediatikoa, askotariko eduki digitalen sorrera (programazioa barne), segurtasuna (ongizate digitala barne) eta herritartasun digitalarekin, pribatutasunarekin, jabetza intelektualarekin, arazoen ebazpenarekin, pentsamendu konputazionalarekin eta kritikoarekin lotutako gaitasunak.”  

 

Euskadiko Autonomia Erkidegoko hezkuntza-curriculumak bat egiten du Europa mailan ezarritako Hezkuntza Digitaleko Ekintza- Planarekin (2021-2027). Egitasmo honek, Europar Batasunaren partaide diren lurraldeen hezkuntza-sistemak aro digitalera modu iraunkorrean eta eraginkorrean egokitzea du xede. Horretarako, berebiziko garrantzia ematen dio maila goreneko hezkuntza-ekosistema digitalen garapenaren sustatzeari eta eraldaketa digitalerako beharrezkoak diren konpetentzia digitalen hobekuntzari.  

 

Era berean, Herritarren Konpetentzia Digitalaren Erreferentziazko Esparruaren bidez (DigComp) konpetentzia digitalean aurrera egiteko trebetasunak deskribatu dira ezagutza, trebetasun eta jarreren arabera; baita mailakatu ere. Era berean, ikastetxeei dagokienez, digitalki eskudunak diren hezkuntza erakundeetarako Europako Markoan ezarritakoaren arabera (DigCompOrg), Ikastetxearen Proiektu Digitala (IPD)  diseinatuko da. Tresna horren bidez, baliabide digitalen erabilera, maila guztietan erraztu eta sustatuko da  (ikaskuntzan, irakaskuntza zein kudeaketan) eta, horrela,  ikastetxearen konpetentzia digitala garatuko da.