Ebaluazio konpetentzialaren alderdi pedagogikoak
Gaur egungo hezkuntza-sistemak konpetentzien garapenean jartzen du arreta; hau da, oinarrizko jakintzak eskuratzeaz harago, jakintza horiek egoera praktiko edo errealetan aplikatzeko gaitasuna garatzean oinarritzen da. Gaurtik geroa hezten Dekretuek argi uzten dute konpetentzien ebaluazioan jarri behar dela arreta.
Ebaluazio Agindua ere 3. artikuluan ebaluazioaren helburuez mintzo da eta horrela definitzen du ebaluazioaren helburua.
1.– Ebaluazioak helburu hauek ditu: ikaskuntza-prozesua erregulatzea; ikasleen zailtasunak eta aurrerapenak detektatzea, hezkuntza-ekintza ikasleen beharrizanetara egokitzeko; eta egiaztatzea zenbateraino eskuratu dituzten ikasleek arlo, ikasgai eta esparruetako funtsezko konpetentziak eta konpetentzia espezifikoak, ikasle bakoitzaren ikaskuntza-erritmo eta -gaitasunen arabera.
2.– Irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuak hobetzeko tresna gisa erabili beharko da ebaluazioa. Ebaluazioa dela medio, irakasleek eta ikasleek ikaskuntza-prozesua ezagutu dezakete, eta hezkuntza-prozesuan zehar gertatzen diren aurrerapenak eta zailtasunak identifikatu. Beraz, ebaluazioa irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuaren barruan planifikatu behar da eta hura arautzeko erabaki egokiak hartu behar dira.
3.– Irakasle taldeak inplementatutako ikaskuntza eredu konpetentzialari jarraituz egin behar da ebaluazioa. Eredu konpetentzial horretan ikasle guztientzako orientabidea eta hezkuntza-arreta tresna nagusiak dira ikaskuntzarako akonpainamendua eta hezkuntzaren jarraitutasuna sustatzeko Haur Hezkuntzaren, Oinarrizko Hezkuntzaren eta Batxilergoaren etapetan.
Ideia horietatik abiatuta ebaluazio konpententzialak hainbat alderdi izan behar ditu kontuan:
A. Ebaluazioa prozesu jarraitua
Ebaluazioa prozesu jarraitu gisa ulertzea hezkuntza-prozesuaren funtsezko alderdia da. Ebaluazioa ez da jarduera isolatua, baizik eta ikaskuntzaren bilakaera sistematikoki dokumentatzeko eta ebidentzia anitzetan oinarritutako erabakiak hartzeko prozesua da. Ebaluazio jarraituak beraz, ebaluazio-tresnen bidez ikaskuntzaren ebidentziak biltzea eskatzen du eta ebidentzia horiek ebaluazio-erremintak baliatuz aztertzea, ondoren beharrezko erabakiak hartzeko.
Ebaluazio jarraituak ikaskuntza-prozesua egokitzeko aukera ematen du, zailtasunak hauteman bezain laster, hezkuntza indartzeko neurriak ezartzeko eta, horrela, ikasle bakoitzaren ikaskuntza-prozesua optimizatzeko.
B. Konpetentzien araberako ebaluazioa
Konpetentzien araberako ebaluazioak ikasleek egoera konplexuei aurre egiteko duten gaitasuna neurtzen du. Ez da nahikoa oinarrizko jakintzen memorizazioarekin; irakasleek testuinguru erreal edo praktikoetan aplikatzeko aukera eman behar diete ikasleei. Horrela, ikaskuntza esanguratsu bihurtzen da eta etorkizunean erabilgarriak izango zaizkien konpetentziak garatzen dituzte. Konpetentzien araberako ebaluazioa ezinbestekoa da hezkuntza-esperientzia aberasgarria izateko eta ikasleek benetako egoerei aurre egiteko prestatzeko, betiere dekretuek zehazten dituzten arlo edo jakintzagai bakoitzeko ebaluazio-irizpideetan oinarrituz.
C. Ebaluazioaren funtzio hezigarri eta hezitzailea
Ikasleen garapen integrala sustatzen du eta ikaskuntza-prozesu eraginkor eta esanguratsu bat bermatzen du.
Ebaluazio hezitzailea, edo evaluación formativa, irakasleek burutzen duten prozesu jarraitua da, ikasleei atzeraelikadura emateko eta haien ikaskuntza-prozesua hobetzeko. Prozesu honek ikaslearen garapen pertsonal, akademiko eta soziala sustatzen du, autonomia eta autoerregulazioa bultzatuz. Ikasleak bere ikaskuntza-prozesuaren kontzientzia hartzen du, eta irakasleek informazio hori erabil dezakete irakaskuntza-estrategiak egokitzeko. Ebaluazio hezitzaileak ikaslearen zailtasunak eta lorpenak identifikatzen ditu, horiek hobetzeko bideak eskainiz.
Ebaluazio hezigarria, edo evaluación formadora, ikasleek beren kabuz egiten duten autoebaluazio eta autorregulazio prozesua da. Prozesu honek ikasleei beren indarguneak eta ahulguneak identifikatzeko aukera ematen die, eta haien ikaskuntza-prozesuan parte-hartze aktiboa sustatzen du. Horri esker, ikasle kritiko eta gogoetatsuak hezteko tresna bihurtzen da, gizartearekiko konpromisoa ere indartuz.
Bi ebaluazio mota hauek elkarlanean aritzen dira ikaskuntza-prozesua hobetzeko. Ebaluazioaren bidez lortutako informazioa baliagarria da irakasleentzat estrategia pedagogikoak hobetzeko eta ikasleentzat beren aurrerapena egiaztatzeko. Horrela, ebaluazioa ez da soilik emaitzak neurtzeko tresna bat, baizik eta ikaskuntza sustatzeko bitarteko eraginkor bat.

D. Ebaluazioaren pertsonalizazioa
Ikasle guztiek ez dute erritmo berean edo modu berean ikasten; beraz, ebaluazio prozesua malgua eta indibidualizatua izan behar da. Ebaluazioak ikasle bakoitzaren ikaskuntza-erritmoei eta ezaugarriei erreparatu behar die, aldamiaje pedagogikoa eskainiz. Honek esan nahi du ebaluazioa indibidualizatua izan behar dela, ikaslearen testuingurua eta beharrak kontuan hartuz, eta aldi berean malgua, ebaluazio-estrategiak eta tresnak ikasleen ebaluazio-beharrei egokitzeko aukera emanez.
Pertsonalizatutako ebaluazioak ikasle bakoitzaren zailtasunak eta aurrerapenak modu zehatzean identifikatzeko aukera ematen du. Zailtasunak garaiz detektatzean, hezkuntza indartzeko neurriak ezar daitezke, eta aurrerapenak identifikatzeak ikaslearen motibazioa indartzeko aukera eskaintzen du. Horrela, ebaluazioak ikasle bakoitzaren beharrak kontuan hartzen direla bermatzen du, guztiei arrakasta lortzeko aukera berdinak emanez eta hezkuntza-ekitatea sustatuz.
E. Atzeraelikadura, transferentzia jarduerak eta metakognizioa ebaluazio prozesuaren barne
Ebaluazio prozesua hezigarria eta hezitzailea dela bermatu dadin, horrelako prozesuak erabili behar dira.
Atzeraelikadura: ebaluazio-prozesuaren funtsezko osagaia da, ikaskuntzaren etengabeko hobekuntza sustatzen duena. Irakasleek emandako informazio espezifiko, eraikitzaile eta denboraz kanpokoak ikasleei beren jarduna hobetzeko aukera ematen die, beren indarguneak eta hobetu beharreko arloak identifikatuz. Atzeraelikadura eraginkorrak ikasleen autoerregulazioa eta motibazioa sustatzen ditu, ikaskuntza-helburuak lortzeko bidean orientazioa eskainiz. Gainera, irakasle eta ikasleen arteko elkarrizketa pedagogikoa sustatzen du, ikaskuntza-prozesua elkarlaneko eta parte-hartzeko esperientzia bihurtuz.
Transferentzia-jarduerak: ezinbestekoak dira ikasitakoa testuinguru desberdinetara aplikatzeko gaitasuna garatzeko. Jarduera hauek ikasleei aukera ematen diete eskuratutako ezagutzak eta trebetasunak egoera berrietan eta errealitatetik gertuago dauden testuinguruetan erabiltzeko. Transferentzia-jarduerek pentsamendu kritikoa eta sortzailea sustatzen dute, ikasleei ezagutza abstraktuak errealitate zehatzetan aplikatzeko erronka emanez. Horrek ikaskuntza esanguratsuagoa eta iraunkorragoa izatea ahalbidetzen du, eta ikasleei etorkizuneko erronkei aurre egiteko tresnak ematen dizkie.
Metakognizioa: ikasleek beren pentsamendu- eta ikaskuntza-prozesuei buruz hausnartzeko eta horiek ulertzeko duten gaitasuna, ebaluazio-prozesuaren funtsezko alderdia da. Metakognizio-estrategiek ikasleei beren ikaskuntza-prozesuaren kontzientzia hartzeko, hura planifikatzeko, monitorizatzeko eta ebaluatzeko aukera ematen die. Horrek ikaskuntza autonomoa eta autorregulatzailea sustatzen du, ikasleei beren indarguneak eta ahuleziak identifikatzeko eta ikaskuntza-estrategiak egokitzeko gaitasuna emanez. Metakognizioa sustatzeak ikasleei beren ikaskuntzaren erantzukizuna hartzeko aukera ematen die, bizitza osoan zehar ikasteko oinarriak ezarriz.
F. Ebaluazioa hasierakoa, jarraia eta amaierakoa
Ebaluazioa hezkuntza-prozesuaren funtsezko osagaia da, eta hainbat alderdiri erreparatu behar dio; horretarako, ondorengoa bermatu behar du.
Hasierako ebaluazioa: hezkuntza-prozesuaren abiapuntua da. Ikasturtearen edo ikaskuntzaegoera baten hasieran egiten da, eta bere helburu nagusia da ikasleen abiapuntuko egoera zehaztea. Beraz, diagnostiko-funtzioa betetzen du, irakasleari aukera emanez irakaskuntza-plangintza ikasleen beharretara eta zailtasunetara egokitzeko. Honek irakaskuntza-estrategiak modu eraginkorrean planifikatzea ahalbidetzen du.
Ebaluazio jarraia edo prozesuzkoa: irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan zehar burutzen da. Ebaluazio jarraiak ikasturtean zehar ebidentziak biltzen ditu, irakasleei beren estrategia pedagogikoak etengabe doitzeko aukera emanez. Prozesu honek ikaskuntza-prozesuaren ikuspegi zehatzagoa eskaintzen du, ikasleen garapena denbora errealean jarraitzea ahalbidetuz.
Amaierako ebaluazioa: hezkuntza-aldi baten buruan egiten da. Bere funtsezko helburua da aldi horretan burututako ikaskuntzak egiaztatzea. Ikasleak hezkuntza-aldi baten amaieran lortu dituen konpetentziak baloratzen ditu, lortutako lorpenak ziurtatuz eta ikaslearen garapen orokorra neurtuz.
G. Curriculum-antolaketa elementuak ardatz
Curriculum-antolaketa elementuak irteera-profila, deskriptore operatiboak, funtsezko konpetentziak, konpetentzia espezifikoak, ebaluazio-irizpideak eta oinarrizko jakintzak dira.
Irteera-profila: oinarrizko hezkuntza amaitzerako ikasle guztiek konpetentzietan iritsi behar duten maila, aukera emango diena bizitza-proiektua arrakastaz garatzeko eta bizitzan zehar funtsezko konpetentziak garatzen jarraitzeko.
Funtsezko konpetentziak: ikasleek arrakastaz aurrera egin ahal izateko eta bizitzan zehar erronka eta desafio nagusiei aurre egin ahal izateko ezinbestekotzat jotzen diren jardunak. Pertsona guztiek beren errealizazio eta garapenerako behar dituztenak dira, bai eta herritartasun aktiboa, gizarte-inklusioa eta enplegua sustatzeko behar direnak ere.
Konpetentzia espezifikoak: arlo eta ikasgai bakoitzeko oinarrizko jakintza beharrezkoa den jardueretan edo egoeretan ikasleek baliatzen jakin behar duten neurriak. Konpetentzia espezifikoak alde batetik funtsezko konpetentziak eta bestetik ikasgaietako oinarrizko jakintzak eta ebaluazio-irizpideak lotzeko eta zehazteko elementuak dira.
Ebaluazio-irizpideak: arlo edo ikasgai bakoitzaren konpetentzia espezifikoetan aipatutako jardueretan edo egoeretan ikasleek ikaskuntza-prozesuaren une jakin batean iritsi beharko lituzketen jardun-mailak adierazten dituzten erreferenteak.
Oinarrizko jakintzak: arlo, ikasgai edo eremuetako berezko ezagutza, trebetasun eta jarrerak, edozein pertsonak menderatu, artikulatu eta mobilizatu behar dituenak konpetentzia espezifikoetan definitutako gaitasunekin batera, problemak konpontzeko edo egoera jakin batzuetan erronkei aurre egiteko. Konpetentzia espezifikoak eskuratzeko eta garatzeko egiten duten ekarpenarengatik hautatzen dira oinarrizko jakintza horiek, nahiz eta diziplina-logikak eduki horiek hobeto antolatzen eta aurkezten laguntzen duen.
Curriculum antolaketa elementuak, ezinbestekoak dira ikaskuntza-prozesua modu osatu eta eraginkorrean bideratzeko. Azken finean, curriculumaren lur hartzea ahalik eta era egokituenean egiten laguntzen dute. Elementu horiek ikaskuntza esanguratsua eta testuinguruan kokatua sustatzen dute, ikasleei etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta gizarte aldakor batean arrakastaz moldatzeko beharrezkoak diren ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak eskuratzen lagunduz. Horrela, curriculum-antolaketak ikasleen garapen integrala bermatzen du, haiek hezkuntza etaparen amaieran espero den irteera-profila lortu dezaten, gizarte demokratiko, justu eta jasangarri baten kide aktibo eta konprometitu bihurtuz.
Azken eguneraketa, 2025/04/08