Berrikuntza Arduraduna (BeA)
Hezkuntzako Berrikuntza Arduraduna (hemendik aurrera, BeA) ikastetxean berrikuntza eta etengabeko hobekuntza sustatzeko ardura duen pertsona da. Bere eginkizuna da ikaskuntza berritzeko prozesuak eta proiektuak sustatzea, dinamizatzea eta koordinatzea, Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuarekin (IHP) bat etorriz, zuzendaritza-taldearekin lankidetzan eta modu koordinatuan. BeAren lana praktika pedagogiko berritzaileak, hezkuntza-teknologia eraginkorra eta irakasleen arteko lankidetza bultzatzea da, ikasleen aniztasunari ikuspuntu inklusibotik erantzuteko eta hezkuntza-kalitatea hobetzeko. Gainera, praktika-komunitate profesionalak sortzen eta esperientziak partekatzen laguntzen du, ikastetxearen barruan eta kanpoan, hezkuntza-komunitate osoaren garapena eta egokitzapena bultzatuz.
BeA figuraren profil-profesionala
BeA figurak profil profesional bat bildu behar du, edo akonpainamenduz garatzeko konpromisoa hartu behar du, ikastetxeko hezkuntza-berrikuntzako prozesuak eraginkortasunez, ikuspegi pedagogikoarekin eta lankidetza-gaitasunarekin gidatzea ahalbidetuko diona. Profil hori gaitasun hauen inguruan egituratzen da:
-
Prestakuntza pedagogikoa eta ikuspegi estrategikoa: hezkuntza-printzipioen, teorien eta egungo ikuspegi metodologikoen ezagutza sendoa, eta hezkuntzaren helburuen eta xedeen ulermen argia.
-
Lidergoa eta talde-lana: irakasle-taldeak dinamizatzeko, lankidetza- eta sormen-kultura sustatzeko, ekimenak koordinatzeko eta aldaketa-prozesuetan konfiantza sortzeko gaitasuna.
-
Berrikuntza, sormena eta proiektuen kudeaketa: hobetzeko aukerak identifikatzeko, sormenezko metodologiak eta konponbideak proposatzeko, berrikuntza-proiektuak kudeatzeko eta horien inpaktua sistematikoki ebaluatzeko trebetasuna.
-
Konpetentzia digitala eta teknopedagogikoa: hezkuntza-teknologien oinarrizko ezagutza eta teknologia horiek prestakuntza-prozesu indibidual zein kolektiboetan zentzu pedagogikoarekin integratzeko gaitasuna.
-
Komunikazioa eta pertsonen arteko trebetasunak: proposamen pedagogikoak eta antolakuntzakoak argi komunikatzeko gaitasuna, ahoz eta idatziz, bai eta klaustroaren solasaldi eta inplikazioa errazteko gaitasuna ere.
-
Datuen ebaluazioa eta erabilera: tresnen eta adierazleen ezagutza, proiektuen garapena eta inpaktua baloratzeko eta ikastetxean hobekuntza-erabakiak orientatzeko.
-
Testu-ingurunearen ezagutza: ikastetxeko hezkuntza-, soziolinguistika- eta kultura-testuingurua ulertzea, bai eta prestakuntza-ibilbide partekatua osatzen duten ikastetxeak kokatuta dauden ingurunea ere. Gainera, estrategia instituzionalak eta Euskal Eskola Publikoaren arau-esparrua ezagutu behar ditu, bere lana hobekuntza-ikuspegi komun batekin lerrokatzeko.
-
Pentsamendu kritikoa eta moldagarritasuna: jarrera gogoetatsua, aldaketarekiko irekitasuna, eta hezkuntza-esparru, -ikuspegi edo -tresna berrietara egokitzeko gaitasuna.
-
Ongizate emozionala zaintzea: ikastetxeko giroarekiko sentikortasuna, loturak zaintzea eta ikasleen eta irakasleen ongizatea sustatzea eraldaketa-prozesuetan.
Azken batean, BeA figurak konpromisoa, lidergoa eta gaitasun pedagogikoa uztartzea espero da. Profil hori ez da eskakizun itxitzat hartu behar, garapen profesionalerako gida gisa baizik.
BeAk Trebatzen programa
BeAk Trebatzen programa Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako berrikuntza-arduradunen (BeA figuren) formazio eta akonpainamendurako programa espezifikoa da. Bi urtez garatu da, eta guztira 100 orduko formazioa eskaini zaie BeA figurei. Programaren helburua da BeA figuren gaitasun profesionalak indartzea, ikastetxeetan berrikuntza pedagogikoa, hezkuntza-teknologien erabilera eta irakasleen arteko lankidetza sustatzeko. Mintegiak izan dira ardatz nagusia, baina hasierako formazio-saioak eta monografikoak lantzeko saio bereziak ere egin dira.
Formazioa eragingunetan banatuta antolatu da, hau da, BeA figurak lurraldeka edo eskualdeka taldekatuta aritu dira. Antolaketa horrek aukera eman du beraien arteko saretzea, esperientzien trukea eta elkarlan profesionala bultzatzeko, ikastetxeen arteko harremanak sendotuz eta berrikuntza-prozesuak aberastuz.
Horrez gain, BeAk Trebatzen programan erabilitako baliabideen bilduma digitala eskura jarri da. Bilduma horretan edukiak lau multzotan sailkatu dira: BeA funtzioak, dokumentazioa, gelaratzea eta gai zehatzak. Horrela, formazioan landutako eduki guztiak modu antolatuan eta erabilgarrian daude guztien eskura, euren eguneroko lanean eta ikastetxeetako berrikuntza-prozesuetan laguntzeko helburuz.

