Sarrera
Irakasleok, eguneroko jardunean marko juridiko bat dugu gidari. Baina, non kokatzen gara Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE)? Zer lege eta dekretuk zehazten dute gure hezkuntza-sistema?

Estatu mailako marko juridikoan jarri behar dugu lehen begirada. Estatu mailan 3/2020 Lege Organikoa, abenduaren 29koa, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duena da. Lege honek hezkuntza-sistemaren printzipioak eta helburuak zehazten ditu. Estatu mailako marko hori hainbat Errege Dekretutan antolatzen da eta bertan zehazten dira hezkuntza-maila bakoitzeko antolamendua eta gutxieneko irakaskuntzak.
-
95/2022 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa: Haur Hezkuntzaren antolamendua eta gutxieneko irakaskuntzak ezartzen ditu.
-
157/2022 Errege Dekretua, martxoaren 1koa: Lehen Hezkuntzaren antolamendua eta gutxieneko irakaskuntzak ezartzen ditu.
-
217/2022 Errege Dekretua, martxoaren 29koa: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren antolamendua eta gutxieneko irakaskuntzak ezartzen ditu.
-
243/2022 Errege Dekretua, apirilaren 5ekoa: Batxilergoko gutxieneko irakaskuntzak eta antolamendua ezartzen ditu.
Errege Dekretu horiek beraz, hezkuntza etapetako oinarrizko curriculuma arautzen dute, eta aldi berean, Autonomia Erkidego bakoitzak bere lurraldean curriculum osagarriak garatzeko eskumena du.
Estatu mailako marko horretatik abiatuta, EAEko marko juridikora egiten dugu salto. Lehenik, 17/2023 LEGEA, abenduaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzarena hartuko dugu kontuan eta ondoren, hezkuntza-maila bakoitzeko curriculuma zehazten dituzten hiru dekretuak hurrenez-hurren. Hauek dira hiru dekretu horiek:
-
75/2023 Dekretua, maiatzaren 30ekoa: Haur Hezkuntzako curriculuma zehazten du Euskal Autonomia Erkidegoan (EHAA, 2023-06-09).
-
77/2023 Dekretua, maiatzaren 30ekoa: Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehazten du Euskal Autonomia Erkidegoan (EHAA, 2023-06-09).
-
76/2023 Dekretua, maiatzaren 30ekoa: Batxilergoaren curriculuma zehazten du Euskal Autonomia Erkidegoan (EHAA, 2023-06-09).
Azken eguneraketa, 2025/05/30