EKITATEA ETA BIKAINTASUNA
Nazioarteko ebaluazio garrantzitsuenen arabera, ekitate- eta kalitate- printzipioak hertsiki loturik daude elkarri.
UNESCO-k, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak, “ekitatea” “hezkuntzarako sarbidean justizia- eta inpartzialtasun-maila eta haur eta helduei eskainitako hezkuntza-aukeren” arabera definitzen du. Ildo beretik, 2021eko Euskal Hezkuntza-Sistemaren Diagnostikoak hezkuntza-sistema ekitatiboaren ezaugarriak azaltzen ditu:
“Hezkuntza-sistema bat ekitatibotzat hartzen da biztanlerian dauden desparekotasun sozioekonomikoak arintzeko gai denean; horretarako, ikasleei kalitatezko hezkuntza izateko aukera-berdintasuna eskaintzen die eta ikasleen errendimendu akademikoa beren ahalegin eta gaitasunaren araberakoa dela bermatzen du, beren jatorrizko herrialdea, sexua eta testuinguru sozial, ekonomiko eta kulturala edozein direla ere.”
Beraz, hezkuntza-sistema ekitatibo batek gizarteko desorekak kontuan hartuko ditu eta egoera horiek hezkuntza-ibilbidea baldintzatu edo oztopatu ez dezaten esku-hartzeak diseinatuko ditu, kasuan kasuko neurriak egokituz.
Bikaintasunari dagokionez, 2021eko Euskal Hezkuntza-Sistemaren Diagnostikoarekin bat, hezkuntza-sistemak maila gorena lortuko du pertsonaren garapen integrala bermatzen duenean. Erdietsitako garapena norbanakoaren gaitasunen araberakoa denez, hezkuntza-sistema bikain batek “haur eta ikasle bakoitzari bere gaitasunak ahalbidetzen dion bezain urrun iristeko aukera emango dio, gai den zabaltasun eta sakontasunez”.
Bikaintasunaren esparru horretan, hezkuntza-komunitate osoaren konpromiso aktiboa ezinbestekoa da. Izan ere, hezkuntza-komunitatearen kide diren partaide guztien ardura eta erantzukizuna bada herritar guztiek arrakasta lortzea. Horretarako, ikastetxeak, familiak, hezkuntza-administrazioa eta gizartea bere osotasunean, elkarlanean arituko dira. Azken batean, kalitatezko hezkuntza-sistema batek bikaintasuna eta ekitatea ardatz izango baditu, hezkuntza-komunitatearen eta, orokorrean, gizarte osoaren inplikazioa ahalbidetzeaz gain, sustatu ere egin behar du.
Testuinguru partizipatibo horretan, hezkuntza-eraldatzeko ardatz nagusia ikastetxea da; ikastetxe ahaldundua. Hezkuntza-komunitate osoaren ikaskuntza eta etengabeko hobekuntza hizpide dituen erakundea. Ibilbide horretan, gainera, lidergo partekatua gako izango du. Bestera esanda, ikastetxeak, bere autonomiaren baitan, hezkuntza-komunitatearekin elkarlana gauzatzeko bideak eraiki eta sendotuko ditu, hori baita Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan jasotako konpromisoak betetzeko modurik eraginkorrena.
Hezkuntza-Sailak kalitatea, ekitatea eta bikaintasuna hezkuntza-sistemaren muinean kokatu ditu:
Hezkuntza-Sailak euskal hezkuntza-sistema osoa zuzentasunaren eta kalitatearen aldetik bikaintasunerantz joan dadin nahi du, eta, horretarako, zuzentasuna sustatuko du. Gure seme-alabei eman behar diegun hezkuntzak balioetan oinarritutakoa izan behar du, eta hauek guztiak bultzatu behar ditu: elkarbizitza, bakea, adiskidetzea, solidaritatea, aukera-berdintasuna, tolerantzia, esfortzua eta erantzunkidetasuna.
Ildo horretan, kalitatea, ekitatea eta bikaintasuna ardatz dituen Euskadiko Autonomia Erkidegoko hezkuntza-curriculumak honako printzipio hauek bildu ditu: haurren eskubideak, hezkuntza inklusiboa, garapena iraunkorrerako helburuak (Agenda 2030), genero-berdintasunaren ikuspegia, hezkuntza-digitalaren garapena eta konpetentzietan oinarritutako hezkuntza pertsonalizatua.