Zer dira eremuak


Curriculuma eremuen arabera antolatzeak konpetentziak garatzera bideratutako irakaskuntza sustatzea du helburu. Diziplinarteko ikuspegi globalizatu horrek ikasleek funtsezko konpetentziak modu eraginkorragoan garatzea eskatzen du, eta hezkuntza-etapen arteko trantsizio arinagoa ahalbidetzen du. Gainera, ikasgelako aniztasunari egokiago erantzuten dioten eskuhartzeak ezartzea ahalbidetzen du, bai ikasteko zailtasunak dituzten ikasleei, bai errendimendu akademiko handia duten ikasleei arreta emanez.

Antolaketa globala eta diziplinartekoa ezartzeak eraldaketa sakonak dakartza irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren ikuskeran. Aldaketa horiek honako hauei eragiten diete: espazioen egiturari, ordutegiei eta taldekatzeei; irakasleen ordutegi-plangintzari; irakasleen koordinazioari; ikasgelaren kudeaketari; lan-metodologiari; komunikazio-hizkuntzen erabilerari eta ebaluazioari. Hezkuntza-dinamika alderdi guztietan birdefinitzen duen ikuspegi integrala da.​

77/2023 Dekretuak, maiatzaren 30ekoak, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoak, curriculumaren antolamendu globalizatu eta diziplinarteko gisa definitzen du eremu kontzeptua, eta zenbait diziplina modu integratuan artikulatzen dira bertan. Eremuen araberako antolaketa ez da ikasgaiak batzera mugatzen, askoz prozesu sakonagoa da, irakasle-taldearen hausnarketa partekatu eta azterketa zorrotz baten emaitza da. Eremuan parte hartzen duten jakintzagaien elementu curricularrak modu koherentean artikulatu behar dira: konpetentzia espezifikoak, ebaluazio-irizpideak eta oinarrizko jakintzak.

 

Azken eguneraketa, 2025/06/10