Euskara ardatz, eleaniztasuna ipar

 

Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemaren lehen helburuetako bat da ikasleek Oinarrizko Hezkuntzaren amaieran euskara eta gaztelania behar bezala eta eraginkortasunez menderatzen eta erabiltzen dutela bermatzea.

Helburu hau jasota dago bai Euskararen Legean (10/1982 Legea, azaroaren 24koa, euskararen erabilpena arautzen duena) baita Euskal Eskola Publikoari buruzko Legean (otsailaren 19ko 1/1993 Legea) ere.

Erronka hau lortzeko, hau da 77/2023 Dekretuak, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoak dioena:

Helburu hori lortze aldera, eskolak euskararen erabilera sustatu behar du, eskola-hizkuntza eta hezkuntza-jardueraren ardatza den heinean, eta haren normalizazioa bultzatu behar du, gizartean eta hizkuntzaren aldetik presentzia orekatua izan dezan.”

Europako Kontseiluko ikerlan askoren arabera, eskola-arrakasta izateko eskolako hizkuntzan hizkuntza-komunikaziorako gaitasun egokia izatea beharrezkoa da. Hau da, ikasleek euskaraz komunikatzeko konpetentzia garatzen duten heinean, haien hezkuntza prozesu integrala eta arrakastatsua bermatuko dugu.

Halaber, azpimarratu behar da euskara euskal kulturaren testuinguruan garatu eta erabiltzea duen garrantzia, hizkuntzak kulturaren atal moduan beste alderdiekin batera hartzen baitu zentzua.

Erronka honetaz gain, egungo gizartearen errealitatean, hizkuntza anitzetan komunikatzeak funtsezko garrantzia du. Horregatik, ikasle elebidunak hezteko helburuari atzerriko hizkuntza batean, gutxienez, komunikatzeko gaitasuna gehitu behar diogu. Baina ez komunikaziorako gaitasuna soilik, aipatutako Curriculum Dekretuak garatu behar diren beste hainbat dimentsio zehazten ditu:

Konpetentzia eleaniztunak, komunikazio-dimentsioa barnean hartzeaz gain, barne hartzen ditu ikasleek hizkuntza, belaunaldi, arte eta kulturaren arloko aniztasuna ezagutu, baloratu eta errespetatzera daramaten alderdi historikoak eta kulturartekoak…”

Esandako guztia dela eta, Curriculumeko bi konpetentzia hauek, hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia eta konpetentzia eleaniztuna, garatzeak berebiziko garrantzia izango du beste konpetentziak garatzen, eta ondorioz, ikasleen hezkuntza orokorrean lagunduko du.