Zientzia eta Teknologia
Etengabeko eraldaketan dagoen mundu honetan, hezkuntzak erronka globalak ulertzeko eta horiei ikuspegi, kritiko, etiko eta eraldatzaile batetik aurre egiteko gai diren herritarrak prestatzeko ardura du, adibidez, klima-aldaketa, osasun-krisiak, baliabide naturalen agorpena eta adimen artifizialaren garapena dira erronka horietako batzuk. Testuinguru honetan, zientzia eta teknologia ez dira eduki akademiko isolatu gisa ulertu behar, baizik eta tresna eraldatzaile gisa.
Hau dela eta, ezinbestekoa da ikasleek fenomeno konplexuak aztertzeko gaitasuna garatzea, sistema naturalen, sozialen eta teknologikoen arteko erlazioak ulertuta. Hezkuntzak ekintza eta erabaki teknologikoen etorkizuneko ondorioei buruzko hausnarketa sustatu behar du, eta horretan laguntzeko, zientziak eta teknologiak, curriculumean zeharka integratuta, funtsezko tresnak eskaintzen dituzte errealitatea aztertzeko, sistema konplexuak ulertzeko eta irtenbide berritzaileak diseinatzeko.
Ikuspegi horiek zientzia eta teknologiaren irakaskuntzan txertatzeak, curriculumeko edukien ulermena hobetzeaz gain, ikaskuntza gaur egungo erronka handien erdigunean jartzen du. Hala, hezkuntza gizarte bidezkoago, erresilienteago eta jasangarriago baterako aldaketa-eragile bihurtzen da, eta gai da ezagutza zientifikoa eta teknologikoa guztion onerako erabiltzeko. Ikuspegi hori ez da ikasgai jakin batera mugatzen; hainbat arlotan txerta daiteke, hezkuntza-etapa eta -maila bakoitzari egokituta.
Eskolak ahalduntze-espazio bihurtu behar du, non ikasleek sentitu behar duten jardun dezaketela eta benetako aldaketak eragin ditzaketela. Berrikuntza-proiektuei, eskola-ikerketari, herritarren zientziari edo teknologia jasangarrien garapenari esker, jakintza benetako testuinguruetan aplika daiteke, eta, hala, autonomia eta parte-hartze aktiboa indartu. Teknologiak gizartean, ingurumenean eta etikan duen eraginari buruzko hausnarketa sakona ere egin behar da.