Haur Hezkuntza

 

Haur Hezkuntzak haurraren dimentsio guztietan –fisikoa, emozionala, afektiboa, soziala, kognitiboa eta artistikoa- garapen integrala eta harmonikoa du xedetzat. Horretarako,  familiarekin harremana eta  elkarlana gakoak izango dira. 

Haurraren garapenak baditu berezko ezaugarri batzuk. Haurra globala da eta ondorioz, Haur Hezkuntzako etapak ere izaera globala du. Funtsezko konpetentziak eskuratzeko prozesuaren hasiera da eta konpetentzia hauek 3 eremu desberdinen barne garatuko dira:

  • 1.eremua: Harmonian hazten

  • 2.eremua: Ingurunea ezagutzea eta esploratzea

  • 3.eremua: Komunikazioa eta errealitatearen adierazpena

Hiru eremuak bata bestearengandik banaezinak eta elkarren osagarriak dira; era progresibo, bateratu eta harmoniatsuan garatzen eta erregulatzen direlarik.

1.eremua: harmonian hazten

Eremu hau haurraren garapen pertsonal eta sozialean oinarritzen da. Haurraren gorputza garapenerako eta autoezagutzarako oinarria da. Haurra bere gorputza, mugimenduak eta emozioak ezagutzen eta erregulatzen hasiko da; NIAren eraikuntzan aurrerapausoak emanez. Honekin batera, gizarte-interakzioak aberastuko ditu: berdinekin eta helduekin harremanak eraikiko ditu eta elkarbizitza positibo baterako ereduak barneratzen joango da. Horrez gain, behar indibidualak errespetatzen dituzten errutinen bidez, haurrak autonomia pertsonalean aurrera egingo du eta gizarte-ohitura osasuntsuak biziko ditu.

Zer da Mugimendu Autonomoa?

Mugimendu Autonomoa EAEn egun indarrean dugun 75/2023  Dekretua aurrera eramateko begiradari deitzen diogu. Beraz, ez da prroiektu edo metodo itxi bat baizik eta Haur Hezkuntza bizitzeko modua.  Pertsonak erdigunean jartzen dituen egiteko modua. Egiteko modu honek, haurraren beharrak, garapen pertsonala, gaitasunak, ibilbide propioa eta zaintza bere osotasunean izango ditu helburu.

 Mugimendu autonomoaren oinarria: PERTSONAK

Mugimendu Autonomoak pertsona(k) izango ditu erdigunean eta haurrari ezezik,  maisu-maistrak, familiak eta Hezkuntza komunitatea osatzen duten pertsonei egingo die erreferentzia. Pertsona bakoitzak bere izaera eta bizipen propioak ditu, baita hortik eratorritako kode, balore eta nortasuna ere.

  • Haur Hezkuntza etapako  erdigunean haurra dago. Haurra jaiotzetik subjektu aktiboa da eta Chokler-en (1988) bost garapen antolatzaileen baitan garatuko da. Haurra eta bere garapena osotasunean ulertzea esku-hartze aberats bat egiteko gakoetako bat izango da. 

  • Helduok haurraren garapenean dugun eragina handia da. Haurraren ongizateari eta garapen gorenari begira, maisu-maistren kalitatezko esku-hartzea bermatuko da: bateratua, orekatua, sentikorra eta errespetuan oinarritutakoa izango da.

  • 75/2023 Dekretuan familia haurraren garapenaren parte dela adierazten da eta beraz, tokia eta presentzia behar duela eskolan. Hortaz, maisu-maistren eta familien arteko harremana eta elkarlana funtsezkoak izango dira. 

  • Komunitateaz hitz egitean tokian tokiko hezkuntza errealitateari egiten diogu erreferentzia: haurra, familiak, eskola, auzoa, herria, eskualdea eta  administrazioak antolatzen duen sistemari. Hau horrela izanda, eskolak errealitate sozio-ekonomiko, kulturala, bizi-ohiturak eta sinesmen anitzei erantzuna eman beharko die.

 Mugimendu Autonomoaren zutarriak eta zutabeak

75/2023 Dekretuaren printzipioen gainean eraikita dago. Printzipio horietako hiruk (zutarriak) garrantzi berezia dute eta beste guztiak (zutabeak) bete daitezen bermatzen dute. 

Zutarriak hauek dira:

1.-Inklusioa: Eskola inklusiboan haur guztiek kalitatezko hezkuntzarako sarbidea dutela bermatzea, haur guztiei aukera emanez bakoitzaren garapenaren ibilbidean aurrera egiteko.

2.-Segurtasun afektiboa: Haurrek harreman afektibo egonkor eta kalitatezkoak sortzeko aukera ematea. Helduekin sortzen diren harreman horiek atxikimendu-figurak ezartzea dakarte eta hauen eragina erabakigarria da haurraren garapenean. Konfiantza eta segurtasuneko testuinguruak diseinatzea, planifikatzea eta sortzea helduaren ardura izango da.

3.-Garapeneko autonomia: Haurra berez ekintzailea, ikertzailea eta sortzailea da. Garapeneko autonomia era esanguratsuan garatzeko haur bakoitzak bere zereginak, erantzukizuna eta ekimen-maila propioak landuko ditu, esperimentazioa eta jolasaren bidez, egunerokotasuneko erronkei aurre eginez. 

Zutabeak hauek dira:

4.-Aniztasunaren zaintza: Aniztasunaren zaintza haur bakoitzaren indibidualtasun eta ezaugarri propioen ezagutzan, errespetuan eta onarpenean hasten da. Haur guztien aukera berdintasuna bermatzeko,  Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala (IDU) deritzan printzipio-multzoa aplikatzea; haur guztien irisgarritasun fisiko, sentsoriala,  kognitiboa eta emozionala bermatzea helburu duelarik.

5.-Norbera dena izateko eskubidea: Nazio Batuen (1989) Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren arabera, haurrak adierazpen-askatasuna izango du bere beharrak, nahiak, emozioak, ideiak... komunikatzeko. Horretarako, lengoaia anitzak erabiltzeko aukera eskaintzea.

6.-Ekintzailetasuna: Garapen pertsonalerako eta gizarteratze aktibo bat izateko sorkuntza eta berrikuntza gakoak dira. Eskolan, jolasa eta esperimentazioaren bitartez, kuriositatea, jakin-mina, ekimena, irudimena eta ikertzeko eta sortzeko jarrerak sustatatzea.

7.-Sormena: Sormen prozesuek ideia berriak, haien arteko lotura berriak eta arazoak konpontzeko irtenbide berriak ekarri ohi dituzte. Hori gauzatzeko, sormenerako espazioak, baliabide anitzak eta denbora eskaini behar dira, haur bakoitzak barruan dituen lengoaia guztien adierazpena ahalbideratzea.

8.-Kritikotasuna: Gauzak zalantzan jartzeko, galderak egiteko, iritzia emateko, ekarpenak egiteko, argudioak izateko eta adierazteko, besteon iritziak entzuteko, pentsatzeko eta ondorioak ateratzeko aukera ematea.  

9.-Taldekidea: Haurrari segurtasun fisiko eta emozionala eskaintzea taldeko kide sentitzeko, hau da, taldean lekua eta presentzia duela sentitzeko.

10.-Taldekide aktiboa: Taldekide aktiboa izateak, egitea eta ekitea suposatzen du. Haurrak parte hartzeko askatasuna eta segurtasuna sentitzen badu, bere ideiak emango ditu, hitz egingo du, jolastu eta disfrutatuko du.

Azken eguneraketa, 2025/06/17

2. eremua: ingurunea errespetatzea eta esploratzea

Eremu honen helburua haurrak ingurune fisiko eta naturala ezagutzea, behatzea eta esploratzea da. Material eta espazio anitz eta aberatsen bidez, haurra ezaugarriak identifikatzen eta elementuen arteko erlazioak eraikitzen hasiko da; pentsamendu logiko eta zientifikoan lehen pausoak emanez. Aldi berean, naturarekiko errespetua eta jarrera jasangarriak barneratuz joango da.

3.eremua: komunikazioa eta errealitatearen adierazpena

Eremu honek haurrak lengoaia eta adierazpide desberdinen bidez modu eraginkor, sortzaile eta pertsonalean komunikatzeko gaitasuna garatzea du helburu. Komunikazioa gorputzezkoa, musikala, plastikoa, ahozkoa eta idatzia izan daiteke, eta guztiekin esperimentatzea haurraren garapen integralerako garrantzitsua izango da. Haur literaturak paper garrantzitsua du etapa honetan. Haurrak plazerrez bizitzen duten esperientzia izateaz gain, ahozko hizkuntzaren garapena, arreta, ulermena eta identitatearen eraikuntzan lagunduko dio.

 Mugimedu Autonomoa beste praktika batzuetatik desberdintzen duten berariazo 5 printzipioak

Zaintza: eskolak haurraren ongizate fisiko eta emozionala bermatu behar du. Hori dela eta,  haurraren beharrei erantzuna emango zaie eta behar horiei erantzuteko modu gakoa izango da haurraren garapenean. Helduaren zaintzak haurrari aurrera egiteko babesa eta segurtasuna emango dio eta pixkanaka, bere autonomia garatzen joango da. Horrez gain, familiaren zaintza ere bermatuko du eskolak. Familiak eskolaren parte izan behar dira eta lekua izan behar dute egunerokotasunean. 

Estetika: Mugimendu Autonomoak estetika zehatz bat du. Diseinatzen diren espazio eta esku-hartzeek haurrari lasaitasuna eta segurtasuna eskaini behar diote, eta baita bere jarduera autonomoa bermatu ere. Bestalde, maisu-maistren itxura, familiei eskaintzen zaizkien espazioak, espazio komunak... ere zainduko dira.

Jolasa: jolasa haurraren berezko ekintza da eta ondorioz, bere garapenaren dimentsio guztiekin lotura du. Haurrak jolasaren bitartez bere burua eta ingurune fisiko zein soziala ezagutzen du. Beraz, helduari dagokio haurraren garapenerako testuinguru eta eskaintza doituak diseinatzea.

Behaketa oinarri: behaketak informazioa jasotzeko aukera ematen du. Haurraren garapena ahalbideratzeko espazio, material eta esku-hartzeak planifikatu, behatu eta aztertuko dira eta beharren arabera doiketak egingo dira. Erabaki hausnartu eta kontzienteak hartuko dira, ebidentzietan oinarritutako proposamenak eskainiz. 

Esku-hartze bateratua: haurrak helduaren begirada, presentzia eta esku-hartze sentikorra behar ditu. Helduaren akonpainamenduak, haur bakoitzaren ongizate fisiko eta emozionala bermatu behar du. Bakoitzak bere lekua izanda, esku-hartze estilo bateratua bermatu behar du hezitzaile taldeak, haurrari segurtasun afektiboa emango diona.

 Nola ahalbideratu Mugimendu Autonomoa?

Mugimendu Autonomoa ahalbideratzeko hausnarketa prozesua ematea ezinbestekoa da. Hausnarketa hau 3 foko izango ditu, denak garrantzitsuak eta banaezinak:  espazioari buruzkoa, antolaketari buruzkoa eta profesionalei buruzkoa. Hausnarketa foko bakoitzari geruza multzoa deitu zaio.

1.go geruza multzoa: espazioa

Ezinbestekoa  da haurrari eskaintzen zaion testuingurua aztertzea, analizatzea eta definitu diren Mugimendu Autonomoko oinarri, zutabe eta  printzipioekin lerrokatzea. 

Espazioari ekosistema deitu zaio: bizia eta aldakorra delako. Ekosistemako azpiespazio bakoitzari paisaia izena eman zaio. Espazio atseginak eta aberatzak, zainduak, paisaia desberdinak ahalbideratzen dituztenak izango dira. Hau da, esperientzia anitz eta aberatsak bizitzeko guneak izango dira. 

Espazioaren azterketa, honako geruzetan oinarrituko da: 

  • 1.geruza: hormak, sabaia, lurra, argia, usaina...Kolore neutroak, testura goxoak eta argi naturala lehenetsiko dira, lasaitasuna eta garbitasuna transmititzen dutelako. 

  • 2.geruza: altzariak eta hauen antolaketa. Kolore neutroa duten eta material naturalez eginak dauden altzariak lehenetsiko dira. Kokapena zainduko da, altzairak horma eta izkinetatik urrunduz.

  • 3.geruza: materialak. Materiala osatuta eta baldintza onetan egongo da. Garapen momentu desberdinei erantzuten dioten materialak hautatuko dira.

  • 4.geruza: pertsonak. Mugimendu Autonomoaren oinarria dira eta hartutako erabakiak aurrera eramateko ezinbestekoak.

2. geruza multzoa: antolaketa

Espazioarekin aipatu bezala, Mugimendu Autonomoa ahalbideratzeko eskolako antolaketa errebisatzea ezinbestekoa izango da.  Egiteko modu desberdinak sortuko dira. Errebisio horretarako la geruza identifikatu dira, denak garrantzitsuak. Antolaketa erabakietan hartzen diren erabakiek isla izan behar dute eskolako dokumentu desberdinetan:

  • 1.geruza: Mugimendu Autonomoak dokumentu ofizialak (Dekretua, Aginduak...) hartzen ditu iturritzat. Hartzen diren erabakiak eskolako dokumentuetan jaso behar dira: IHP, zuzendaritza plana, IUP, IUM...

  • 2.geruza: Mugimendu Autonomoaren antolamendurako uneak eta guneak, ziklo bilerak, behaketa-deboluzio bilerak, klaustroak, formazio saioak... antolatu beharko dira.

  • 3.geruza: erabakiak nondik, nola eta nork hartzen dituen azaltzen duen prozedura zehaztu behar da.

  • 4.geruza: profesionalek hartutako erabakiak gauzatzean egongo da gakoa.

3. geruza multzoa: profesionala

Mugimendu Autonomoa ahalbideratzen duen profesionala eraldaketa prozesu batean murgilduko da. Maisu-maistren esku-hartzean eragina duten faktoreak anitzak dira eta hauen kontzientzia hartzeak garrantzi handia du:

  • 1.geruza: profesional bakoitzak bere balore, kultura eta sinismenak ditu.

  • 2.geruza: geruza honetan profesionalak haur eta nerabe bezala bizitako esperientziak jasotzen dira. 

  • 3.geruza: profesionalak egindako ikasketek eta garapen akademikoak eragina izango dute.

  • 4.geruza: lan esparruan profesionalak duen kokapenak ere garrantzia izango du.

 Analisia

Edozein hezkuntza prozesuan, analisia egitea ezinbestekoa da; prozesuan zehar beharrezkoak diren doikuntzak egiteko eta prozesua bera eraginkorragoa izateko; beti ere, haurraren ongizatea eta garapen gorena helburu direlarik. 

Analisia egiterako garaian, bi kontzeptu hauek desberdintzea komeni da: 

Ebaluazioa: ebaluazioaren fokoa eskaintzan eta esku-hartzean jarriko da. Aipatutako geruza multzoak ebaluatuko dira: espazioak, eskainitako materialak, denboraren kudeaketa, profesionalen esku-hartzea... Ebaluazioa gauzatzeko garrantzitsua izango da aldez aurretik irizpideak adostea, esku-hartzeari buruzko protokoloak idaztea eta ebaluzio prozedurak zehaztuta izatea. 

Haurraren eboluzioa: haurraren eboluzioa arretaz behatuko da. Haurrari eskainitako guztiak – espazioak, materialak, antolaketak, esku-hartzeak- eragin zuzena izango du bere garapenean, bere eboluzioan. Haurraren garapena behaketa sistematikoaren bitartez egingo zaio jarraipena.