Heziketa Fisikoa
Heziketa Fisikoak Funtsezko Konpetentzien garapenari ekarpena egiten dio, batik bat, motrizitatetik. Atal honetan Heziketa Fisikoko curriculum berriak planteatzen dituen berrikuntzak eta alderdi azpimarragarrienak aurkeztuko ditugu.
Zer dio Heziketa Fisikoko curriculum berriak?
Almudena Arenas eta Lander Asla-k, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleak, aurkezten digute Heziketa Fisikoak dituen aldaketa nabarmenenak.
Izen aldaketa “Heziketa Fisikoa”
Gorputz Hezkuntzari dagokionez lege berri honek dakarren lehenengo aldaketa izena bera da. Soinketa, soin hezkuntza, gimnasia, gorputz heziketa, gorputz hezkuntza, heziketa fisikoa… Euskaraz aspalditik arazo bat dugu irakasgaia izendatzeko eta ikasleek, familiek eta gizarteak, oro har, gimnasia hitza erabiltzen jarraitzen dute. Lege berri honek Heziketa Fisikoa proposatzen du izen egokiagoa delako, izan ere, gizakion egoera guztiak gorputzarekin konektatuta daude (gorputza baikara), baina Heziketa Fisikoan jokabide motorrak heztea dugu helburu nagusia. Modu honetan ikasleek gimnasia esateari utz diezaiokete Heziketa Fisikoak “HeFi” laburdura erabiltzeko aukera ematen dielako, ingeleseko P.E.rekin (Physical
Education) edo Fisika eta Kimikarekin (FI-KI) gertatzen den bezala.
Beste alde batetik, “heziketa” proposatzen dugu esku-hartzeari egiten diolako erreferentzia eta Heziketa Fisikoa zientzian oinarrituriko esku-hartze praktika bat delako.
Azkenik, ingelesez, gazteleraz, frantsesez eta euskaraz hitz baliokideak izango genituzke: Physical Education, Educación Física, Éducation Physique eta Heziketa Fisikoa.
Akzio motorra da jokabide motorrak hezteko ardatza
Konpetentzia motorra oinarrizko konpetentzia bezala desagertu egiten da lege berriarekin batera datozen funtsezko konpetentziak direla eta. Horren ordez, curriculum berrian Heziketa Fisikoak akzio motorra izango du ardatz egituratzaile eta akzio motorreko dominio ezberdinei erantzuna emateko beharrezkoak diren sei konpetentzia motorrak planteatu ditugu konpetentzia espezifiko gisa; gizartearen funtsezko erronkekin zerikusia duten alderdiei erantzuten dien 7. konpetentzia espezifiko bat ere planteatzen du. Jokabide motorreko heziketaren bidez, premia pertsonalei eta sozialei erantzungo dien benetako konpetentzia motorra eraikitzen eta finkatzen lagunduko dugu. Azpimarragarria da, LH DBH eta Batxilergoko curriculumek koherentzia bertikal bat mantentzen dutela, planteamendu beretik abiatu baitira.
Oinarrizko jakintzen blokeak akzio motorreko dominioen arabera sailkatu direla azpimarratu behar dugu, hauxe baita Heziketa Fisikoko edukiak antolatzeko modurik egokiena etorkizuneko programazioetan oreka eta koherentzia bermatzeko. Oinarrizko jakintzen bloke hauei zeharkakoa den beste bat gehitu zaio, besteak beste osasuna, emozioak eta harremanen kudeaketa jasotzen dituena.
Hautazko ikasgaiak DBH eta Batxilergoan
Curriculum berriarekin hautazko bi arlo eskainiko dira: DBHko 1. , 2. eta 3. mailetarako berria den “Osasun fisikoa eta emozionala” eta Batxilergoko 2. mailarako berreskuratzen den “Jarduera fisikoa, aisia eta osasuna”.
Osasun fisikoa eta emozionala irakasgai praktikoa da, parte-hartzean oinarritutakoa funtsean, eta lagungarria da ongizatea lortzeko eta bizitza aktiboa eta osasungarria sustatzeko. Haren bidez, Heziketa Fisikoaren arloan landutako alderdiak sakondu nahi dira, eta mugimenduaren beharrari erantzuteko eta ongizate fisikoa, emozionala eta soziala indartzeko konpromiso motorreko denbora gehiago eskaini nahi zaie ikasleei. Akzio motorraren bidez, aisia-, jolas- eta katarsi-iturri den praktika fisikoaren inguruko esperientzia arrakastatsuak eta gozatzekoak bilatzen dira, giza harremanen eta akzio sortzailearen testuinguruan.
Jarduera fisikoa, aisia eta osasuna irakasgaian aldiz, konpetentzia motorra lantzen jarraituko da, kultura motorrean sakonduko da eta balio zibikoak sustatuko dira, besteak beste gai hauek landuko direlarik: jarduera fisikoa eta kirola aisiaren gizartean, kudeaketa eta irakaskuntza, ludo-motrizitatea, osasunerako egokitzapen eta jarduera fisikoa, ikasgaiarekin zerikusia duten ikaskuntzak eta irteera profesionalak …
Azken eguneraketa, 2022/12/07