Adierazpen artistikoa

 

Askotarikoak dira Adierazpen Artistikoaren ertzak, izan ikus-entzunezkoei lotuta, izan adierazpen grafiko-plastikoei lotuta, bolumena, teknika bidimentsionalak edo/eta tridimentsionalak, gorputz adierazpena, musika... Alde horretatik, esan daiteke Adierazpen Artistikoaren esparrua oso zabala eta aberatsa dela, adibide gisa hor ditugu, enborreko jakintzagaiez gain, eskaintzen dituen hautazkoen kopurua, baita ezagutza eta trebezia hauek jasotzeko Batxilergo propioak izatea ere.

Adierazpen Artistikoari erabat lotuta doaz, besteak-beste, HHn Kontzientzia eta Adierazpen Kulturalerako Konpetentziaren baitan jasotakoak, adibidez, «sentimenduak eta emozioak sormenez adieraztea sustatzen da, hainbat lengoaia eta forma artistikoren bidez», «Horretarako, haurrak mundu plastiko eta artistikora hurbilduko dira»; LHko Arte Hezkuntza arloa (Musikan eta Plastikan bereizi daitekeena); DBHn, Musika, eta Hezkuntza Plastikoa, Ikusizkoa eta Ikus-entzunezkoa enborreko arloak, eta hautazko makina bat jakintzagai, hala nola, 3. mailako Adierazpen Artistikoaren Hastapenak, edo 4.eko Adierazpen Artistikoa. Arte Eszenikoak eta ikastetxeei onartutako hautazko jakintzagaiak, maiz, Adierazpen Artistikoari ere badagozkio: Artisautza, Ikus-Entzunezko tailerrak… Batxilergoan ere asko dira Adierazpen Artistikoari dagozkion jakintzagaiak, gehienak Batxilergo propioetan txertatuak, hala, Marrazketa Artistikoa, Diseinu Grafikoa…

Banaketa edo kortse horrek konpetentzialki lan egitearen muina desitxuratu balezake ere, argi izan behar dugu Adierazpen Artistikoak transbertsalitate handiko ezaugarriak dituela eta aukerak eskaintzen dituela beste jakintzagaietako jarduera eta atazekin transferentziak egiteko. Adierazpen Artistikoarekin lotutako guztiak osagai ezin hobeak ditu dekretuan aipatzen diren kulturartekotasuna, sormena eta autonomia lantzeko, talde-lanean jarduteko, nahiz azken ekoizpena prestatzeko eta aurkezteko, baita beste jakintzagaietatik edan eta diziplinartekotasuna lantzeko ere.

Adierazpen Artistikoarekin lotutako arloek eta irakasgaiek Humanitateei egin diezaiekete keinu, baita arlo zientifikoei ere eta, nola ez, hizkuntzei. Esaten da denak garela hizkuntza irakasle eta denon ardura dela hizkuntzaren lanketa integrala egitea, bada, Adierazpen Artistikoan ere beste hizkuntza batzuk ere lantzen dira, sarri, beste jakintzagai eta esparru batzuetan erabiltzen direnak, izan ikus-hizkuntza, izan hizkuntza musikala, izan ikus-entzunezkoa eta estetika, haurrekin eta ikasleekin lantzen diren idatzizko dokumentu, aurkezpen eta lanetan komunikazioaren oinarri direnak. John Berger (1926-2017) pentsalari, idazle, artista eta arte-kritikariak zioen: «Artearen hizkuntza unibertsala da, oztopo kulturalak zeharkatzen ditu eta gizaki gisa elkartzen gaitu».

Beraz, balia ditzagun arte-hizkuntzak ematen dizkigun baliabide aberatsak XXI. mendeko pertsona kritikoak hezteko. Irudiez, ikus-entzunezkoez zein koreografiez inguratuta bizi eta hezten ari gara, aisialdiari lotuta gehienetan, potentzialitate handiko baliabideak izan daitezke, zentzu kritiko batetik gure haurrak eta ikasleak ahalduntzeko eta hizkuntza horietaz baliatuz beraien nahiak, ideiak eta bizipenak adierazteko. Joan Fontcuberta irakasleak "La furia de las imágenes" liburuan dioen bezala: «Las fotos pasan a actuar como mensajes que nos enviamos unos a otros. Antes la fotografía era una escritura, ahora es un lenguaje», gauza bera aplika dakioke Adierazpen Artistikoa osatzen duten beste hizkuntzei ere.

Bestetik, analogikoa eta digitala lausotzen ari diren mundu honetan, IKT tresnak (erabilera irekikoak eta euskaraz) baliabide ezin hobeak izan daitezke Adierazpen Artistikoa osatzen duten hizkuntzekin lan egiteko eta mezuaren transmisiorako. Era berean, inguruan ditugun baliabide,  objektu eta material ezberdinak (birziklatutakoak edo/eta berrerabilitakoak izan daitezkeenak, jasangarritasunari lekua emanez) balia ditzakegu gure lan-tresna izan daitezen (eraikitzeko, musika sortzeko, Foley-a adibidez, azken ekoizpen baten parte izateko), sormenez eta, batez ere, irudimenez. John Berger pentsalari eta idazleak zioen bezala: «Irudimena gure aurrean dagoena baino haratago ikusteko gaitasuna da».

Adierazpen Artistikoak funtsezko konpetentzia guztiak era ezberdin eta askotarikoan elikatzen ditu eta Kontzientzia eta adierazpide kulturaletarako konpetentzia (KAKK), bereziki. Dekretuak honela deskribatzen du KAKK konpetentzia: «Kontzientzia eta kultura adierazpenetarako konpetentziak berekin dakar ideiak eta esanahia sormenez adierazteko eta kultura desberdinetan komunikatzeko modua ulertzea eta errespetatzea, bai eta hainbat arteren eta beste kultura-adierazpenen bidez ere. Norberaren ideiak ulertzen, garatzen eta adierazten ahalegintzea eskatzen du, bai eta gizarteko kide izatearen zentzua izatea edo gizarteko funtzio bat hainbat modutan eta testuingurutan betetzea ere, eta nortasuna aberastea kulturen arteko elkarrizketaren bidez».

Bukatzeko, eta esandako guztiagatik, Maria Acaso idazle, irakasle, eta Pedagogías Invisibles kolektiboko kidearen liburu baten izenburua ekarri nahi izan dugu gogora: La educación artística no son manualidades.

Azken eguneraketa 2024/02/22