HEZKUNTZA INKLUSIBOA eta Ikaskuntzako Diseinu Unibertsalaren printzipioen aplikazioa

 

2010. urteko Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak, 14. artikuluan, pertsona ororen hezkuntzarako eskubidea ezartzen du. Euskadi Basque Country 2030 Agendak ere, Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendarekin bat, 4. helburuan, “Guztiontzako kalitatezko hezkuntza inklusiboa eta bidezkoa bermatzea eta etengabeko ikaskuntzarako aukerak bultzatzea” jasotzen du. Haurren Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioaren printzipio eta helburuetan ere haurren eskubideak eraginkortasunez betetzeko beharra jasotzen da, eta azpimarratzen dira hezkuntza inklusiboa eta Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala (IDU).

Hezkuntza inklusiboaren testuinguruan, haur eta ikasle guztien orotariko beharrak aintzat hartuko dira eta kasuan kasuko erantzuna emango zaie, betiere aniztasunaren zaintza ardatz izanik eta Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren printzipioei jarraituz. Hau da, hezkuntza inklusiboa bermatzeko hartzen diren antolaketa-, metodologia- eta curriculum-neurriek Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren printzipioak izango dituzte oinarri, pertsona guztiek hezkuntza-arrakasta lortu dezaten horrela.

Hezkuntza-dekretuek Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala honela definitzen dute:

“Curriculuma garatzeko printzipioen multzoa, ikasle guztiei hezkuntzarako sarbidean aukera-berdintasuna ematen diena, inklusio eta parte-hartze eraginkorrak lortzeko helburuarekin, ikaskuntzarako oztopoak minimizatuz.”

Ikastetxeei dagokie Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren ikuspegian oinarritutako bizikidetza- eta ikaskuntza-ingurune seguruak sortzea. Inklusioa eta ekitatea bermatze aldera, ikasteko eta parte hartzeko oztopoak gainditzera bideratutako printzipio horiek ikastetxeko erabaki eta jarduketa guztietan oinarri izango dira. Ingurune normalizatu eta inklusibo horretan, laguntza era askotakoa izan daiteke: pertsonala, antolaketa, materiala edo metodologikoa.