Euskara ardatz duen Hizkuntza-Komunikaziorako Hezkuntza Eleaniztuna
Curriculum Dekretuaren ildo nagusien artean dago euskara Hezkuntza Sistemaren ardatz duen hizkuntza-komunikaziorako hezkuntza eleaniztuna sustatzea. Hezkuntza-sistemaren hizkuntza-helburua da derrigorrezko hezkuntza amaitzean, ikasle guztiek hizkuntza ofizialak ondo menderatzea eta atzerriko hizkuntza batean, gutxienez, gaitasun-maila nahikoa izatea.
Helburu hau lortzeko ikasleek, Oinarrizko Hezkuntzaren amaieran, hizkuntza-komunikaziorako hezkuntzari lotutako irteera-profila lortzeko funtsezko bi konpetentzia hauek garatu behar dituzte:
Hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia
Konpetentzia eleaniztuna
Hizkuntza-komunikaziorako hezkuntzak errealitatea ulertzen, pentsamendua eraikitzen eta adierazten, ezagutza transmititzen eta besteekin harremanak izaten lagunduko die gure ikasleei. Adimen prozesu hauek guztiak ezagutza eraikitzen duten zerikusia kontuan izanda, hizkuntza- eta komunikazio-hezkuntza curriculumaren erdigunean kokatzen da eta gainerako konpetentzien garapena bultzatzen du.
Hori dela eta, hizkuntzen ikaskuntza konpetentzia ikuspuntu globalizatutik garatu behar da, zehazki hizkuntzen ikaskuntza integratua eta hizkuntzen eta jakintzen ikaskuntza integratua oinarri duen ikuspegitik.
Euskara hizkuntza gutxitua izanik, ikastetxeek euskararen ezagutza eta erabilera bermatu behar dute, horretarako beharrezkoa diren erabakiak hartuz. Hizkuntzarekin batera, Oinarrizko Hezkuntzako arloek eta jakintzagaiek euskal kulturaren dimentsio espezifikoa txertatuko dute beren curriculumetan.
Hizkuntzen hezkuntza-xedeak erdiets daitezen, ikastetxeek, ikasleen eta beren errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta, hizkuntzei lotutako hainbat erabaki hartuko dituzte, zeinak ikastetxearen hizkuntza-proiektuan eta curriculum-proiektuan zehaztuko diren.
Hizkuntza-komunikaziorako hezkuntzaren ezaugarriak curriculum berrian
(Aukera ezazu azpitituluen hizkuntza)Konpetentzia espezifikoen bidetik
Arlo eta jakintzagaien konpetentzia espezifikoek erakusten digute ikasleek hezkuntza-etapa bakoitzaren amaierarako lortu behar duten konpetentzia-maila. Konpetentzia espezifiko hauek lotura zuzena dute irteera-profileko deskribatzaile operatiboekin.
Euskal Hizkuntza eta Literatura eta Gaztelania eta Literatura irakasgaiek curriculum integratua dute, nahiz eta hauen irakaskuntza-ikaskuntzak eramango duen bidea ez den beti paraleloa izango. Ikastetxe bakoitzaren testuinguru soziolinguistikoak eta ikasleen konpetentzien garapen-mailak erakutsiko du zein konpetentzia espezifiko indartu behar diren hizkuntza bakoitzean.
Azter ditzagun jarraian hurrengo arlo eta jakintzagaietan garatu behar diren konpetentzia espezifikoak.
Euskara eta Literatura eta Gaztelania eta Literatura
Arlo eta jakintzagai hauek egoera soziolinguistikoari lotutako konpetentzia espezifikoa garatzen lagundu behar dute, ikasleek hizkuntza-aniztasunarekiko eta euskararen normalizazio-prozesuarekiko jarrera positiboa gara dezaten.
Konpetentzia espezifikoen artean, gehienak komunikazio eraginkorraren garapenarekin dute lotura: ahozko testuen ulermena, ahozko testuen ekoizpena, idatzizko testuen ulermena, idatzizko testuen ekoizpena eta informazioaren trataerarekin.
Hauei gehitu behar zaizkie beste bi Literaturarekin, hots, hizkuntzaren alderdi estetikoarekin zerikusia dutenak: irakurzaletasun autonomoarekin eta literaturaren irakurmenarekin.
Azken konpetentzia espezifiko hauen artean anitz dira irakurmenaren alderdi ezberdinen garapena osatzen dutenak: irakurtzeko trebetasuna, informazioaren trataera, irakurtzeko autonomia eta literaturaren irakurmena. Hauek guztiak dira kontuan izan beharrekoak curriculumeko irteera-profileko konpetentzien garapenean.
Hurrengo bi konpetentzia espezifiko hauek arlo eta jakintzagai guztietan landu behar dira, hain zuzen ere: hizkuntzari buruzko gogoetarekin eta komunikazioaren etikarekin zerikusia dutenak.
Hizkuntzaren kontzientzia garatzeak ikasleei lagunduko die, bai hizkuntza gaitasuna garatzen, baita hizkuntzen arteko transferentziak egiten ere. Horretaz gain, komunikazio-praktikek bizikidetza demokratikoaren alde egon behar dute. Eta konpetentzia hau beste guztiekiko zeharkakoa da.
Atzerriko lehen hizkuntza eta Atzerriko bigarren hizkuntza
Atzerriko hizkuntzako konpetentzia espezifikoen artean azpimarratu behar da komunikaziorako konpetentziari, hau da, ulermenari, ekoizpenari eta elkarreraginari lotutakoak.
Hiru hauei gehitu behar zaie bitartekotzarekin zerikusia duen konpetentzia, hau da, hizkuntza-estrategiak erabiliz, bitartekari lanak egitea.
Azken bi konpetentzia espezifiko hauek, elkarreraginarekin eta bitartekotzarekin lotuak, berezko izaera hartzen dute curriculum honetan, ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Hizkuntzen Erreferentzia Markoaren azken ildoei jarraituz.
Atzerriko hizkuntzetan, Euskara eta Literatura eta Gaztelania eta Literatura irakasgaietan bezala, hizkuntzari buruzko gogoetarekin eta komunikazioaren etikarekin, zehazki hizkuntza- eta kultur-aniztasunaren balorazio eta errespetuarekin, zerikusia duten konpetentzia espezifikoak ere baditugu.