Humanitateak
Hasteko, esan baharra dago, ez dagoela humanitateen definizio bakar bat, ezta ere humanitateak eta gizarte zientzien arteko mugen gaineko iritzi bateratu bat. Hau honela, disziplina artistikoak, DBH-ko gizarte zientziak eta humanitateak hiru esparru ezberdinetan banatzea erabaki dugu, hauetariko bakoitzak dituen berezitasunak modurik eta onenean azaltzeko. Honako txosten honetan beraz, humanitateei erreferentzia egiten diegunean, Filosofiaren inguruan kokatzen diren irakasgaietaz ari gara, sarrera orokor baten ostean zerrendatu eta azalduko ditugunak alegia.
Jakintzetatik haratago, hausnarketarako gaitasuna lantzen
Curriculum berrian filosofiarekin eta harekin harremantzen diren arloen gaineko ikuspegi orokorra aurkezten da ondorengo lerroetan. Hasteko, jakintzetatik harago joateko proposamen baten aurrean gaude. Edukiak barneratzearekin batera, eta hau egiteko bide gisa askotan, hausnarketaren garrantzia aldarrikatzen da, elkarrizketa argudiatu kooperatiboaren bidez. Haur filosofia metodologiatik edaten duen hurbilketa honen helburu nagusia, elkarrizketa filosofikoaren erabilera estrukturatua eta arautua zabaltzea da, pentsamendu kritiko eta autonomoa garatzeko ezinbestekoa. Ildo berean, emozioekiko hurbilketa hausnarkor, jarrai eta estrukturatu bat bilatzen da ere, emozionalki konpetenteak diren banakoak hezteko.
Hezkuntza eredu konpetentzialaren ideian sakonduz, ezagutzen, ikasleen eta XXI. mendeko errealitatearen arteko harreman horretan zentratu nahi gara. Zubi lan hori funtsezkoa da ikasleek jasotzen dutenari zentsua topatu diezaioten, eta honek motibazioan duen onura bitarteko, haren benetako ulermen bat eman daiten. Pentsamenduaren dimentsio aplikatua da honekin isladatu nahi dena, hausnartzen ikastea, besteek hausnartutakoa aztertzeaz gain. Hertsiki filosofiako irakasgaietaz ari bagara, filosofia ikasteaz gain, filosofatzen ikastea litzateke ideia.
Orokorrean, errealitate teknifikatu eta zientifizista baten kontestuan eta hauei garrantzia kentzeko asmorik gabe, humanitateak balorean jartzen dira, duten garrantzia aldarrikatuz bai banako bakoitzarentzat, hala nola gizartearentzat. Jakintzaren ikuspegi holistiko batetik, zientzien eta humanitateen arteko interkonekzioa eta elkarlanerako beharra azpimarratu nahi da.
Imanol Alvarez filosofia irakasleak curriculum berriak gaiaren inguruan dakartzan gakoak azaltzen dizkigu.
Arlo eta jakintzagaiak
LH (Balio zibiko eta etikoetako heziketa)
Lehen hezkuntzako aldaketei dagokienez, ziklo guztietan zentralak diren elkarrizketa argudiatu kooperatiboa eta emozioen lanketa estruktural eta sistematizatuaz gain, pentsamendu konplexuaren oinarriak finkatzeko proposamen zehatza dago. Funtsezkoa da oinarri sendoak jartzea eta hausnarketarekiko jarrera berri bat sustatzea, ondorengo zikloetan bilatzen den hausnarketaren garapena arrakastatsuagoa izateko. Hortarako, DBHrako egiten den proposamena oinarritzen duten pentsamendu trebetasunen lanketa esplizituan jarri dugu fokoa.
DBH (Balio zibiko eta etikoetako heziketa, Pentsamendu autonomo eta kritikoaren garapena, Garapen pertsonalari eta sozialari aplikatutako filosofia)
Hemen ere, ziklo guztietan zentralak diren elkarrizketa argudiatu kooperatiboa eta emozioen lanketa estrukturatu eta sistematizatuaz gain, faktore berriak gehitzen zaizkio. Alde batetik, edukien, ikasleen eta XXI. mendeko testuinguruaren arteko harreman hortan indarra jarri nahi da. Lotura hori, zubiari duen garrantzia emanez azpimarratzen da, eta ezinbestekoa da motibazioa eta ulermena egon daitezen.
Bestalde, eta Heziberrin hastapenak ikusten baziren ere, kontzientzia ekosozialaren zabalkundean sakontze bat egin nahi da, espazio espezifiko zabalago bat ematen zaiolarik ikasgai guztietan.
Batxilergoa (Filosofia, Filosofiaren historia, Antropologia soziala, Psikologia, Gaur egungo errealitate eta gatazkak eta hauen harremana komunikabide eta sare sozialekin)
Kasu honetan, Lehen hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan planteatzen diren aldaketa nagusiak txertatzen ditugu ere, ondoren aipatuko ditugunak gehitzen zaizkiolarik. Metodologikoki, eta batxilergoko etapan edukiek izan ohi zuten presentzia handia kontutan hartuta, ikuspegi dialogikoari ematen zaion garrantzia jarri nahi da mahai gainean. Edukiak ulertzeko modu berri batekin lotuta dago hau, elkarrizketa argudiatu kooperatiboaren bidezko hurbilketa gogoetatsu batetik, ikasleek hauen gaineko ikuspuntu propioa garatu dezaten. Horrekin batera, edukiak ere aldatzen dira, autoreetan ardaztutako antolamendu kurrikular batetik adar eta aroetan ardazten den antolamendu kurrikular batera.
Autoreei dagokienez ere, aukeratutako izenen dibertsifikazio bat ematen da curriculum berrian, genero perspektiba txertatuz eta aro garaikideari merezi duen garrantzia eskainiz, kasu bietan arloaren gaurkotzeari begira.