Ikasegoerak
A. Ikasegoera, zergatik eta zertarako
Irteera-profila da hezkuntza-sistemaren printzipioak eta helburuak zehazten dituen tresna. Horrenbestez, curriculum-erabakiak eta irakaskuntza-praktikaren estrategia eta orientabide metodologikoak oinarritzen dituen tresnatzat hartzen da.
Orientabide metodolologiko horien artean, ikasleek ikaskuntza-prozesuan duten protagonismoa nabarmentzea da lehen printzipioa, zenbait proposamenekin: ikerketa-metodologiak, zuzeneko instrukzioa, ezagutzaren eraikuntza kolektiboa eta ikasteko ingurune pertsonalen garapena...
Bigarren printzipio metodologikoa, ordea, ikaskuntza testuingurukoa, esanguratsua, garrantzitsua eta integratzailea bultzatzea da, testuinguru-elementuak eta curriculum-elementuak artikulatzeko. Horrela, ikasleek informazioa erabiltzeko eta aplikatzeko aukerak izango dituzte, eta eztabaida baten testuinguruan, fenomeno baten azalpenean edo arazo baten konponbidea eraikitzean oinarritutako iritzia osatuko dute.
Bi printzipio metodologiko horien harira, ikasegoerak ikaslea erdigunean jartzen duen heziketa-prozesu esanguratsu baten eskutik etorriko dira. Beraz, ikasegoerak hezkuntza-proposamen konpetentzial baten barruan kokatutako hezkuntza tresna bat dira, jakintzaren eta ekintzaren arteko zubia baitira. Zubi horretan, ezagutzaren eta errealitatearen arteko harremana azalaraztea konplikatua bada ere, hori modu estrukturatu eta estruktural baten bidez egiteko bidea ematen dute ikas-egoerek. Zentzua da, ulermenari eta motibazioari lotuta, heziketa prozesuaren gakoetako bat, eta ikas-egoerek zentzuaren bilaketa horretan asko lagundu dezakete.
Bestalde, baina esandako horrekin guztiari erabat lotua, garrantzitsua da ikasegoerek ezagutzaren ikuspegi integrala zabaltzeko eta lantzeko ematen diguten aukera. Izan ere, ikasegoerak jakintza errealitatearekin konektatzeaz gain, jakintzen arteko zubiak eraikitzen ditu, hainbat jakintza elkarren artean harremanetan jarriz eta horiek konpartimentu artifizial eta estankoetatik ateraz.
B. Zer dira ikasegoerak?
Haurrei eta ikasleei funtsezko konpetentziekin eta konpetentzia espezifikoekin lotutako jarduerak garatzea eskatzen dieten egoerak eta jarduerak, konpetentzia horiek eskuratzen eta garatzen laguntzen dutenak.
Ikasegoeretatik abiatuta egindako lanak aukera ematen du konpetentzien araberako ikaskuntzaren ikuspegiaren oinarrian dauden jakintza eta gaitasunak uztartzen dituzten egoeratan oinarrituta egituratzeko ikasturte-programazioa edozein maila, arlo, ikasgai edo eremutan. Testuinguru horretan, konpetentziak eskuratzeko eta garatzeko prozesua zenbait ardatz metodologikorekin bultzatuko da: