Ikastetxeko dokumentazioa
Zergatik da garrantzitsua ikastetxeko dokumentazioa?
Ikastetxe bateko dokumentazioa funtsezkoa da hezkuntza-prozesuak sistematikoki eta modu ulergarrian jasotzeko eta erakusteko. Dokumentazioak ez du soilik gertatutakoaren deskribapen hutsa eskaintzen; baizik eta, esperientziei eta prozesuei zentzua ematen die, bai ikasleentzat bai irakasleentzat, eta hezkuntza-komunitate osoarentzat. Horrela, ikastetxeak bere ohiko historia eta identitatea eraikitzen ditu, bere narratiba, eta ikasleen garapenaren eta ikaskuntza-prozesuen jarraipena egiteko aukera ematen du. Gainera, dokumentazioak aukera ematen du egindako lana ebaluatzeko, hausnartzeko eta hobetzeko, eta hezkuntza-praktikaren eta printzipioen arteko lotura koherenteak ezartzeko.
Bestalde, dokumentazioa ezinbesteko komunikazio-tresna da familientzat eta hezkuntza-komunitateko gainerako eragileentzat. Honi esker, familiek euren seme-alaben garapenaren eta ikastetxean egiten diren jardueren berri izaten dute. Dokumentazioak, beraz, gardentasuna, elkarlana eta elkar-ulermena sustatzen ditu, eta ikastetxearen jarduera eta balioak gizarteari zabaltzeko aukera ematen du. Azken batean, dokumentazio on batek ikastetxearen kalitatea eta eraginkortasuna hobetzen laguntzen du, eta hezkuntza-komunitate osoaren memorian eta identitatean eragina du.
Zein da Berrikuntza Arduradunaren (BeA) eta dokumentazioaren arteko lotura?
Aurreko paragrafoan adierazi bezala, dokumentazioa garrantzitsua da hezkuntza komunitatea osatzen duten pertsona guztientzat eta bereziki profesionalentzat (zuzendaritza-taldeak, irakasleak…). Profesional hauen artean aurkitzen dira Berrikuntza Arduradunak (hemendik aurrera, BeA) eta berrikuntzaren giltzarri izanik, atal honetan figura hauengan fokoa jartzea erabaki da.
BeAren eta ikastetxeko dokumentazioaren arteko lotura estua eta gertukoa izan behar da. BeAren eginkizun nagusietako bat da, Ikastetxe publikoetan hezkuntza berrritzeko jarduera-esparrua 25-28 dokumentuan jaso bezala, ikastetxeko berrikuntza-prozesuak eta proiektuak sustatzea, dinamizatzea eta koordinatzea, betiere ikastetxearen Hezkuntza Proiektuarekin (IHP) eta dokumentu estrategikoekin bat eginez. Horretarako, BeAk beharrezkoa du dokumentazio eguneratua eta egituratua izatea, bai proiektu berrien diseinua eta ezarpena egoki planifikatzeko, bai egindako ekintzen jarraipena eta ebaluazioa egiteko. Dokumentazioak, gainera, BeAri aukera ematen dio berrikuntza-prozesuen inpaktua aztertzeko eta beharrezko egokitzapenak proposatzeko, ikastetxearen kalitatea eta inklusibitatea bermatzeko.
Era berean, dokumentazioak komunikazio-tresna gisa ere balio du, BeAk irakasle-taldeari, zuzendaritzari eta hezkuntza-komunitateari egindako lanaren berri emateko eta berrikuntza-kultura zabaltzeko euskarria izanik. Horrela, informazioa era ordenatu batean emateaz gain, ikastetxean lan egiten duten profesionalei txantiloi bateratu eta koherente batzuk eskaintzen dizkie, komuneko lengoaia eta narratiba sortuz.
Azken eguneraketa, 2025/06/30