Ikaslea da hezkuntza-prozesuaren erdigunea. Hezkuntza-sisteman sartzen denetik, ikasleari lagundu egiten diogu bere gaitasunak ahalik eta gehien gara ditzan, bere bidea egin dezan derrigorrezko hezkuntza amaitzeaz haratago ere. Gure eskolaren helburua hori izanik, beharrezkoa da ikasle guztientzako irteera profila zehaztea.
Profil hori da curriculum-arkitekturaren ardatza, eta eskolan hartzen diren erabakiak oinarritzen dituen elementua da, hala nola estrategiak eta orientabide metodologikoak. Derrigorrezko hezkuntzaren irteera-profilean zehazten diren funtsezko gaitasunak eskuratuz, ikasleek XXI. mendeko erronkei aurre egiteko tresnak izango dituzte.
Zer da irteera-profila?
Ikasle batek Derrigorrezko Hezkuntzaren amaieran eskuratu beharreko funtsezko konpetentzien eta haien eskuratze mailaren zehaztapena da.
“Zer-nolako pertsonak garatzen lagundu nahi dugu?” galderari erantzuna ematean, haur eta ikasleek beraganatu behar dituzten funtsezko konpetentziak definitzen ari gara. Horrela, irteera-profilak Oinarrizko Hezkuntzan definiturik dauden konpetentzia horien garapen-maila adierazten du.
Era berean, irteera-profila Euskadiko Autonomia Erkidegoko oinarrizko irakaskuntzaren printzipioak eta helburuak zehazten dituen tresna da eta curriculuma osatzen duten elementuak eta antolamendua kohesionatzen eta justifikatzen ditu.
Zein da Irteera Profilaren definizio eta egituratzeren oinarria?
Etengabeko ikaskuntzarako beharrezko funtsezko konpetentziei buruz, 2018ko maiatzaren 22ko Europar batasuneko kontseiluaren gomendioei jarraituz eta Garapen Iraunkorreko Helburuek ezarritakoaren arabera (Agenda 2030), EAEko irteera-profilak 8 funtsezko konpetentzia definiturik ditu.
-
Hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia
-
Konpetentzia eleaniztuna
-
Matematikarako konpetentzia eta zientzia, teknologia eta ingeniaritzarako konpetentzia
-
Konpetentzia digitala
-
Konpetentzia pertsonala, soziala eta ikasten ikastekoa
-
Herritartasunerako konpetentzia
-
Ekintzailetza-konpetentzia
-
Kontzientzia eta adierazpide kulturaletarako konpetentzia
Nola egituratzen da irteera-profila?
Irteera-profilak identifikatu eta definitzen ditu Oinarrizko Hezkuntzaren amaieran ikasleek bereganatu beharreko funtsezko konpetentziak. Ezinbestekoa da horiek eskuratzea, bai ikasleen garapen integralerako bai haien bizitzarako etengabeko ikaskuntza-prozesuaren zati gisa ere.
Funtsezko konpetentzien eskuratze-maila deskriptore operatiboek definitzen dute. Horrela, funtsezko konpetentzia bakoitzari deskriptore operatibo multzo batek definitzen du.
Konpetentziak nahitaez modu sekuentzialean eta progresiboan eskuratzen direnez, oinarrizko eskolatzearen amaierari dagozkion deskribatzaile operatiboak ez ezik (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren amaierarekin bat datozenak), Lehen Hezkuntza osatzean espero den betetze-mailari buruz orientatzen duten deskribatzaile operatiboak ere zehazten dira, eta, horrela, derrigorrezko irakaskuntza osatzen duten bi etapen arteko jarraitutasuna, koherentzia eta kohesioa errazten eta zehazten dira.
Nola betetzen du funtzio artikulatzailea?
Funtsezko konpetentzien deskriptore operatiboak etapa desberdinetako arlo, eremu eta jakintzagaietako konpetentzia espezifikoekin lotzen dira; hau da, konpetentzia espezifikoetan zehazten da horiek zein deskriptore operatiboekin erlazionatzen diren. Horri horrela, ikas-egoera bat diseinatzean konpetentzia espezifikoak zehazten ditugunean, haiekin batera garatzen arituko garen deskriptore operatiboak identifika ditzakegu.
Nolako presentzia du irteera-profilak eskolako egunerokotasunean?
Irteera-profilaren presentzia curriculumaren gainerako erabakietan, irakastaldiko estrategia eta orientabide metodologikoetan eta ikasleen ikaskuntzen barne- eta kanpo-ebaluaziorako erreferentzia-elementuetan dago. Hortaz, berezko ezaugarria du eguneroko irakaskuntza- ikaskuntza-jarduneko presentzia.
Eguneroko jardunean, funtsezko konpetentzien azpian dauden ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak garatu behar dira Derrigorrezko Hezkuntza amaitzean ikasleek XXI. mendeko erronkei aurre egin ahal diezaieten. Konpetentzia horiek curriculuma osatzen duten arlo, eremu eta jakintzagai guztietan lantzen dira, eta horretarako ikas-egoerek marko egokia ezartzen dute.
Zertarako ikas-egoerak?
Irteera profilean zehaztutako deskriptore operatiboen eskuratzea ikas-egoeren garapenaren eta horietan adierazitako konpetentzia espezifikoen bitartez bermatzen da.
Eskola, ikas-egoeren bitartez, eguneroko bizitzako egoera, gai eta arazo errealetara hurbilduko da, funtsezko konpetentziak eta XXI. mendeko erronkak aintzat hartuta; eta, modu horretan, ikaskuntzei zentzua eta esangura emango zaie. Ikas-egoeretan, ikaskuntzak mobilizatuko eta bereganatu dira, eta konpetentzien garapenean oinarritutako hezkuntza bultzatuko da.