Konpetentzietan oinarritutako hezkuntza pertsonalizatua
Hezkuntza-eredu pedagogikoaren marko berriak, 2018ko maiatzaren 22ko Europar Batasuneko Kontseiluaren gomendioari jarraituz, Heziberri 2020eko zeharkako eta diziplinako konpetentziak funtsezko konpetentzia eta konpetentzia espezifikoetara bideratu ditu. Marko berri horren baitan, ikasleek prestakuntza-ibilbidearen une jakin baten amaieran lortu nahi diren funtsezko konpetentzien garapen-maila definituko da, beti ere, ikaslearen ikaskuntza-, partaidetza- eta bizikidetza-premiak modu pertsonalizatuan kudeatuz.
Hezkuntza Dekretuek honela definitzen dituzte funtsezko konpetentziak:
“Haur eta ikasleek arrakastaz aurrera egin ahal izateko eta beren bizitzan zehar erronka eta desafio nagusiei aurre egin ahal izateko ezinbestekotzat jotzen diren jardunak. Pertsona guztiek beren errealizazio eta garapen pertsonalerako behar dituztenak dira, bai eta herritartasun aktiboa, gizarteratzea eta enplegua sustatzeko behar direnak ere.”
Curriculumaren ikuspegi konpetentzialak ikasleentzako esanguratsuak diren proposamen integratzaileak behar ditu non ikaslearen autoestimua, autonomia, hausnarketa eta erantzukizuna sendotuko diren. Gainera, ikaskuntza pertsonalizatuak ikasleak berak ikaskuntza-prozesuari buruzko erabakiak hartzeko duen gaitasuna onartuko du eta unean uneko beharren araberako esku-hartzea egokitu.
Hortaz, ikaskuntza pertsonalizatu eta konpetentzialaren testuinguruan, alderdi anitzetako malgutze-neurriak protagonista izango dira, esaterako, arlo/jakintzagai, proposamen edo estrategia pedagogiko, didaktiko eta curricularrak eta espazio eta denboren antolakuntza.