Sarrera
Matematikako curriculumaren berrikuntzetako bat da dimentsio sozioafektiboa aintzat hartzea. Berez kontzeptu matematikoa ez bada ere, ez da kasualitatea curriculumak dimentsio hori barne hartzea.
Atal honetan, matematikarekiko afektibitateari buruzko informazioa aurkituko duzu, eta afektibitate hori hobetzeko orientabideren baten berri jakingo duzu.
Marta Macho Stalder matematikari, dibulgatzaile zientifiko eta Kultura Zientifikoko Katedrako Mujeres con Ciencia espazio digitalaren editoreak afektibitateari eta matematikari buruz hitz egiten digu bideo honetan.
Matematikarekiko afektibitatea hobetzeko orientabideak
Ez dago makila magikorik. Orientabideak ez dira haien artean loturarik ez duten atalak: irakaskuntza-jardunaren ondorio dira, eta eredugarriak dira familientzat ere.
Errorea ikasteko aukera gisa onartzea
Matematikako curriculumak behin baino gehiagotan egiten dio erreferentzia erroreari. Zer zentzu izan dezake horrek ikaskuntza- eta irakaskuntza-prozesuetan?
Hainbat ikerketek aztertu dute zein den jarduera neuronala erroreak egiten direnean. Azterlanen emaitzek garunaren bi erantzun-mota deskribatzen dituzte: alde batetik, neuronen arteko jarduera elektrikoa handitzea (ERN erantzuna) gatazkaren aurrean (akats bat egin izana); eta bestetik, Pe izeneko erantzuna, errorearen kontzientzia dagoenean eta arreta kontzientea jartzen zaionean ematen dena (Moser et al., 2011, Boaler, 2020-en aipatua). Argi dirudi, beraz, esanguratsua dela horrelako egoera baten aurrean garunak ematen duen erantzuna. Horregatik, irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuan ere bada kontuan hartzekoa garunaren erantzuna.
Bestalde, garrantzitsua da hazkunde-metalitatea sustatzea ikasleen artean. Beren gaitasuna moldagarria dela pentsatzen duten pertsonek logikotzat eta beharrezkotzat hartzen dute ikaskuntza-prozesuan akatsak egitea. Akatsetatik ikasten dela onartzen dute, eta pentsatzen dute ahalegina garrantzitsua dela diziplina batean ona izateko (Dweck, 2006).
Beraz, garrantzitsua da ikasleek errorea ulertzeko duten modua aldatzea, lagundu baitezake arlo edo jakintzagai batekiko afektibitatea (matematikarekiko, kasu honetan) hobetzen, baita hazkunde-mentalitatea hobetzen ere. “Kontua da ikasleak aske sentitzea hainbat ideia probatzeko, huts egiteko beldurrik gabe, eta matematika beste era batera lantzeko prest egotea (Boaler, 2020)”.
Zein estrategiak susta dezakete aldaketa hori?
- Ikasleari bidalitako mezu mota aldatzea, egiten dituen akatsen eta erantzun okerrei buruzkoa. Bai irakasleek, bai familiek, akatsei buruzko ikuspegi adeitsua transmititzea.
- Esatea erroreak baliotsuak direla, erantzun neuronalak aktibatzen dituztelako (garuna hazten laguntzen dute).
- Taldean, kontzeptuzko akatsak ere azaltzea eta hausnartzea, eta ez soilik “zenbakizko akatsak”. Errore eta errore horien jatorriari edo arrazoiei buruz eztabaidatzea.
- Nabarmentzea errorea egiten dela ahalegin kognitiboa egiten den momentu horretan. Erroreak egiten dira, bakoitza dagokion mailan, nolabaiteko konplexutasuna eska dezaketen jarduerak burutzean.
- Denok akatsak egiten ditugula jabetzea. Besteen akatsei buruz ere hausnartzea.
- Akatsak egin direlako emandako zenbakizko kalifikazio baxuek mezu negatiboak bidaltzen ditu erroreei buruz. Eraginkorragoa da feedbacka, zenbakia saihestuko duena eta ikasleei laguntza emango diena zertan eta nola hobetu jakin dezaten.
- Errorea balioestea ondo egindakoaren aurrean. Beti dena ondo egiteak adieraz dezake gutxi ikasi dela. Erronkarik ez duten –eta horrenbestez erraz konpontzen direnak atazek ez dute ikasleen haien sabaia ezagutzeko aukerarik ematen.
Stanford-eko webgune honetan, autoebaluaziorako tresna bat deskarga daiteke, ikasleei matematikaren aurrean hazkunde-mentalitatea hobetzen laguntzen diena.
Behe-zoru eta goi-maila jarduerak
Zeregin horien planteamendua inklusiboa da, ikaskuntza-prozesua modu pertsonalizatuan garatzeko aukera ematen baitu. Ikasle guztiek gai izan beharko lukete proposatutako zereginari aurre egiteko, eta, batera, guztiek sentitu beharko lukete prozesuaren uneren batean nolabaiteko “blokeoa”. Ikasle bakoitzak zeregin desberdinak, beharren arabera, jasotzen dituen gelako lan-giroa sortu ordez, zoru baxuko eta sabai altuko zereginek ikasle guztiei arazo beraren inguruan elkarrekin lan egiteko aukera ematen diete.
Feedback eraginkorra: mentalitate matematikoa
Isuriak identifikatzea
Matematikaren dimentsio afektiboa
Aurreko dekretuek matematikaren alderdi emozionalarekin lotutako atalak barne hartzen zituzten arren, oraingoa lehen aldia da arlo horretan dimentsio sozioafektiboarekin zuzenean lotutako konpetentzia espezifikoak eta oinarrizko jakintzak sartzen direla.
Kontzeptua ez da berria. Matematikarekiko afektibitateari buruzko lehen azterketak 1970eko hamarkadan hasi ziren, AEBn, Fennema-ren eta Sherman-en eskutik. Ondoren, berrikuspen teoriko askotan, matematikaren dimentsio afektiboa osatzen duten elementuen aipamena egin da. Gaur egun, funtsean, onartzen da matematikarekiko dimentsio afektiboa dela harekiko jarreren, sinesmenen, emozioen eta balioen multzoa (Beltrán eta Godino, 2020).
Matematikarekiko afektibitatean, haien artean guztiz desberdinak diren hainbat faktorek eragiten dute: matematikarekiko testuinguru soziokulturalak, ikasgelan erabiltzen diren material didaktikoek, sinesmen-sistemek, haurren egoera pertsonalek, ulertzeko zailtasunek, ikasgelan integratzeko arazoek, ikasteko jarrera ezkorrak, hizkuntza ulertzeko arazoek eta abarrek.
Halaber, ikerketa ugariren arabera, oso litekeena da gai jakin batekiko jarrera positiboa duten irakasleek ikasleengan eragina izatea, jarrera hori ikasleei transmiti baitiezaiekete (Estrada eta Batanero, 2020). Alde horretatik, gauza bera gertatzen da familietan, matematikarekin lotutako bizipen pertsonalak transmiti baititzakete inkontzienteki, eta, horrela, matematikari buruzko sinesmen, jarrera eta balio jakin batzuk sortzen lagundu.
Gainera, jarrerak negatiboak direnean, emaitza akademikoak ere negatiboak izan daitezke. Ildo horretan, matematikarekiko afektibitatea hobetzea faktore erabakigarria da bikaintasun matematikoa bilatzeko orduan, baina ez da erraza.
Matematikarekiko afektibitatea hobetzea da hari buruzko jarrerak, sinesmenak, emozioak eta balioak hobetzea. Horretan laguntzeak ikaskuntzaren emaitzak hobetzea eta kalitate handiagoko matematika egitea ekar dezake.
Azken eguneraketa, 2023/02/02