Onurak eta aukerak 

 A. Zergatik ko-irakaskuntza?

Irakaskuntza partekatuak abantailak ditu baina berariazko estrategiak garatzea eskatzen du. Hezkuntza-ingurune inklusiboak bultzatzen ditu, ikasgelako giroa hobetzen du eta ikasleen parte-hartzea sustatzen du. 

Ko-dozentziak hezkuntza-komunitatearen konpromisoa eskatzen du, ez bakarrik zuzendaritza-taldeena eta irakasleena. Ikasleek eta familiek ulertu egin behar dute hezkuntza hobetzeko eta ikaskuntzak optimizatzeko proposamena dela, eta antolaketa mailan eskaera handia dakarrela.

Ikaskuntza-emaitzei dagokienez, ko-irakaskuntzan jardun duten ia irakasle guztiek, onurak nabarmendu dituzte, nahiz eta ikastetxean egiturazko arazoak sortzen diren.

 B. Ko-irakaskuntza eta ikasleen emaitzak

Aurreko hamarkadan sortutako literatura zientifikoak ez du emaitza erabakigarririk argitaratu irakaskuntza partekatuak ikasle guztien errendimendu akademikoan sortzen duen eraginaren inguruan, baina hezkuntza premia espezifikoak eta bereziak dituzten ikasleen hobekuntza egiaztatuta dago praktika honekin. Hala ere, argigarriak dira King-Sears et al. (2021) eta Helding et al. (2023) ikerketak, irakaskuntza partekatuak errendimenduan dituen ondorioak aztertzen dituztenak bai Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleentzat, bai horrelakorik ez dutenentzat ere. King-Sears et al. (2021) ikerketak erakusten duenez, ko-dozentziaren praktika ematen den ikastetxe batean, emaitzak hobeak ematen dira arlo linguistikoetan. Heldingen azterketan (2023), berriz, emaitza hobeak ikusten dira STEM (Science, Technology, Engineering and Mathematics) eta giza zientzietan, arlo linguistikoan baino.

Azterlan horiek agerian jartzen dutena da ikerketa gehiago behar direla beste egoera eta aldagai batzuk aztertzeko. Irakasleek azpimarratzen dutenez, ko-irakaskuntza egiterakoan ikaskuntza esanguratsua sustatzeaz gain, hezkuntza inklusioan ere eragina du, hala nola absentismoan, eskola-porrotean edo ikasgelako giroan. Hala ere, ohar horiek enpirikoki berretsi beharko lirateke.

 C. Ko-irakaskuntza eta gelaren kudeaketa

Irakaskuntza partekatuak irakasleen eta ikasleen arteko harremanak errazten ditu, eta, beraz, ikasleen errendimendu akademikoa eta portaerak hobetzen ditu, batez ere irakasleek ikasleak pertsona autonomo gisa ikusten badituzte, eta ez kolektibo bateko kide gisa. (Backman eta et alt., 2012).

Ikasleak banaka behatzeak aukera ematen du haien ikaskuntza-beharrak eta haien arteko harremanak ulertzeko.
Gelaren kudeaketa partekatuak arazoak erraztu eta modu eraginkorragoan konpontzen ditu  eta irakasle-kideak elkarrekin bizitzea ahalbidetzen du.

Irakasleen arteko harremanak aurrera egin ahala, irakaskuntzarako eta gelaren kudeaketarako estrategiak hobetuz doaz.

 D. Ko-irakaskuntza eta inklusioa

Irakaskuntza partekatua eskolako laguntza edo indartze sistemaren barruan kokatzen da, eta ohiko antolamenduarekin hausteko praktikak eskatzen ditu. Laguntza-sistema inklusibo batean, aniztasunari erantzuteaz gain, kontuan hartu behar dira lidergo elkarbanatua, familien parte-hartzea eta ikasleen inplikazioa beren ikaskuntza-prozesuan (Rappoport et al., 2019; Sandoval et al., 2022).

Puigdellívol eta Petreñas (2019) autoreekin bat eginez, laguntza tradizionala ikasleengan oinarritu da haien zailtasunak konpentsatzeko, baina ikuspegi inklusiboak gela arrunta jartzen du erdigunean. Testuinguru horretan, irakasle espezialisten zeregina bitartekaritza bihurtzen da, eta ez laguntza zuzena ikasle jakin bati. Bitartekaritza horrek ikasle guztiei egiten die mesede eta, ondorioz, tutorearentzako laguntza ere bada. Bi irakasleek elkarlanean jarduten dute ikasgelan lan giro egokia bermatzeko.

Ikasleentzako onurak

  • Gaitasun desberdinak dituzten ikasleak ez dira etiketatzen gela-taldetik irten behar izaten dutelako.

  • Ikasle guztiei arreta hobea ematen zaie.

  • Ikasgelan gertatzen dena hobeto ezagutzeko aukera ematen du eta, beraz, neurri espezifikoak honetara egokitzeko aukera ematen du. 

  • Ikasleen autonomia errazten da ohiko inguruneetan, eskolako giroa eta elkarbizitza hobetzen da, baita talde-kohesioa eta berdinen arteko elkar ezagutza.

Irakasleentzako onurak

  • Ikasgelan aniztasunari arreta hobea ematea errazten du.

  • Ikasleen egoera pertsonalak hobeto ezagutzeko aukera ematen du.

  • Aktiboagoak  eta kooperatiboagoak  diren metodologiak erabiltzea ahalbideratzen du. 

  • Praktikan gertatzen denari buruzko hausnarketa bateratua errazten du irakasleen artean.

  • Irakasleen autoestimua hobetzen laguntzen du, irakaskideek beraien artean balioetsi eta elkarri laguntzeko giro eta dinamika sortzen bada.

 E. Irakasleen garapen profesionala

Irakasleen arteko lankidetzak, eraginkorra izateko, hau eskatzen du: formakuntza egokia eta aldez aurreko plangintza. 

Ikastetxean irakasleek elkarrekin hausnarketa egokia egin ahal izateko funtsezko alderdietako bat da irakasleek, beren praktikari zehaztasunez erreferentzia egiteko amankomunkeko hizkuntza profesionala erabiltzea, beraien praktikaren inguruan zehaztasunez hitz egin dezaten. Ez da terminologia hutsaren kontua, zehazki zertaz ari diren jakitea baizik.

Irakasleen artean eragin-maila batzuk daudela esan daiteke plano desberdinetan daudenak:

Ezagutza profesionala:

  • Ikasleen ezaugarriak eta beharrak ezagutzea.

  • Ikasleen sentimenduak eta emozioak identifikatzea eta ikas- eta irakas-prozesuan duen eragina.

  • Eduki diziplinarra ezagutu eta nola irakatsi jakin.

  • Irakatsi eta ikasteko metodologiak ezagutzea.

Praktika profesionala:

  • Irakaskuntza eta ikaskuntza eraginkorra planifikatzea eta praktikan jartzea.

  • Ingurune irisgarriak diseinatzea. 

  • Aplikazio teknologikoetara ohitzea.

  • Ikasleen ikaskuntza era askotan ebaluatzea.

  • Plangintza pedagogikoaz gogoeta egitea.

Konpromiso profesionala:

  • Formakuntzan parte hartzeko motibatzea.

  • Konpromiso handiagoa lankideekin, familiekin eta hezkuntza teknikariekin.

  • Ikastetxeak antolatzen dituen prestakuntza-jarduera eta -ikastaroetan parte-hartze handiagoa izatea.

Beraz, irakaskuntza partekatuak garapen profesionalarekiko alderdi garrantzitsuak errazten ditu.

Azpiko taulan ikusi daitezke ko-dozentziaren onurak eta sortu daitezkeen zailtasunak:

Bestalde, irakasle esperientziadunen eta hasiberrien arteko ko-dozentzia praktikak onura espezifikoak eskaintzen dizkie ibilbide profesionala hasten ari direnei. Esperientzia duen irakasle batekin erantzukizunak modu kolaboratiboan partekatzeak irakasle berriei segurtasuna ematen die erabakiak hartzeko eta ikasgelako lana aurrera eramateko orduan. Irakasle hasiberrientzat erabilgarria izan daiteke irakaskuntza partekatua, baldin eta irakasle eskarmentudunak edo adituak eredutzat hartzen badituzte eta haien laguntza onartzen badute.

Hala ere, nahiz eta irakasle adituak mentore rola har dezakeen, komenigarria da harreman hierarkikoak saihestea, irakasle berria ezberdintasun-egoeran jar ez dadin eta ko-dozentziaren espiritua gal ez dadin. Praktika hau arrakastatsua izateko, funtsezkoa da hausnarketarako eta eztabaidarako espazioak izatea eta sustatzea, metodologia dialogikoak eta formazio-prozesuak integratuz.

Eurydice txostenaren arabera (Europako Batzordea, 2021), irakasle hasiberrien eta eskarmentudunen arteko parekatzea derrigorrezkoa da ia hezkuntza-sistema guztietan, laneratzea arautzeko. Horren adibide da Kataluniako SENSEI programa, esperientziarik ez duten edo hiru hilabete baino gutxiagoko esperientzia duten irakasleentzat zuzendua, eta irakaskuntza partekatua txertatzen duena. Programa honetan, irakasle berriek mentoretzaren bidez gainbegiratutako jarduerak garatzen dituzte urtebetez, eta, aldi berean, mintegi espezifikoetan, talde prestakuntzetan eta berdinen arteko ikaskuntza espazioetan parte hartzen dute, komunitate profesional baten barruan. Irakasle mentoreek, gainera, beren eskola-karga erdiraino murrizteko aukera dute.

SENSEI

Azken eguneraketa, 2025/07/09