Programazio didaktikoa eta ikasegoera
Programazio didaktikoa
Programazio didaktikoa curriculum-plangintzarako berariazko tresna da, eta beraren beharra dago ikasleen irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesua elkarrekin koordinatuta garatu ahal izan dezaten kasuan kasuko saila, talde didaktikoa edo koordinazio didaktikorako organoa osatzen duten irakasle guztiek. Curriculuma garatzeko tresna pedagogikoa ere bada, eta testuinguruari, ikasleen ezaugarriei eta irakaslearen irakasteko erari egokitzeko bezain malgua da. Ebaluazioa haren funtsezko alderdietako bat da.
Irakasleen eginkizunetako bat da esleituta dituen arloak, jakintzagaiak eta eremuak programatzea eta irakastea (Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 91. artikulua, abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldatua). IHP jasotako curriculum-erabakiak dira programazio didaktikoaren oinarria, eta horiek hezkuntza-prozesuaren ildo pedagogikoa zehazten dute. Ildo horrek, ikasleak bideratzeaz gain, ikastetxeko hezkuntza-komunitate osoa inplikatzen du.
Urteko programazio didaktikoa irakaskuntzako jarduera profesionalaren parte da, eta irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesua hobetzeari lotuta dago. Beraz, ikasleek arrakasta izateko eta irakasle-taldean hartutako erabakiak zehazteko balio du.
Ikasegoera
Ikasegoerak ikasleei funtsezko konpetentziekin eta konpetentzia espezifikoekin lotutako jarduerak garatzea eskatzen dieten egoerak eta jarduerak dira, konpetentzia horiek eskuratzen eta garatzen laguntzen dutenak. Ikasegoeretatik abiatuta egindako lanak aukera ematen du konpetentzien araberako ikaskuntzaren ikuspegiaren oinarrian dauden jakintza eta gaitasunak uztartzen dituzten egoeratan oinarrituta egituratzeko ikasturte-programazioa edozein maila, arlo, ikasgai edo eremutan. Ikasegoera programazioaren elementu bat da, ikasgelako egunerokotasuna idatzi eta zehazten duena, beste hitz batzuetan esanda, gelako praktikatik gertuen dagoen dokumentua da.
Oinarrizko Hezkuntzan ikasleek hezkuntza-xedeak erdietsita izan behar dituzte eta bizitzako esparru eta egoeretan moldatzen jakiteko. Ikasegoerak dira helburu horiek lortzeko bide bat, baita eguneroko jarduna planifikatzeko eta aurrera eramateko tresna eraginkorra ere.
Ongi diseinatutako ikasegoerak ikasleei funtsezko konpetentziekin eta konpetentzia espezifikoekin lotutako jarduerak garatzeko, konpetentzia horiek eskuratzeko eta garatzen laguntzeko aukera eskaintzen dute. Gainera, konpetentzien araberako ikaskuntzaren ikuspegiaren oinarrian dauden egoeratan oinarritutako ikasturte-programazioa egituratzeko balio dute, edozein maila, arlo, ikasgai edo eremutan. Ikasleek ezagutzak aplikatzeko eta arazoak konpontzeko aukera izatea, ikasleak ikaskuntza-prozesuan aktiboago parte hartzea, eta ikaskuntzarako diseinu unibertsalaren bidez (IDU) ikasle guztiei hezkuntzarako sarbidean aukera-berdintasuna ematea, eta haien helburua benetako inklusioa eta parte-hartzea lortzea ere ahalbidetzen dute.
Azken eguneraketa, 2025/07/03