Taldekatzeak

 A. Taldekatzeak nola egin

Oinarri taldeak talde heterogeneoak izatea komeni da: gaitasun kognitibo, motibazio eta autonomia maila, laguntza emateko jarrera edo eta kultura, hizkuntza, eta jatorri ezberdinak… hartuko dira kontutan. Denbora-tarte luze xamar batean mantenduko dira. 

Gelako ikasleak honako hiru zutabeetan banatuko ditugu:

  • Laguntzeko gaitasun handia dutenak, ez dute nahitaez errendimendurik altuena dutenak izan behar, baizik eta motibatuenak (ikasleen laurdena).

  • Laguntza behar dutenak, autonomia eta motibazio gutxi dutenak (ikasleen laurdena).

  • Gainerako ikasleak, (taldearen beste erdia).

Talde bakoitzean lehenengo zutabeko ikasle bat, bigarreneko beste bat eta azkeneko bi ikasle egongo dira.

 B. Talde barruan ikasleak nola kokatu

Proposatzen dugun antolamenduan, ikasleek maila desberdineko, eta aldi berean, beren mailatik urrunegi ez dagoen taldekidearekin lan egiten dute.

 C. Gelan nola kokatu

  • Taldekideek elkarrekin eseri behar dute, elkarri aurpegira begiratzeko, materialak partekatzeko, haien artean hitz egiteko...

  • Taldekideek irakaslea azalpenak ematen dituen lekua ikusteko aukera izan behar dute.

  • Taldeek elkarrengandik nahiko bereizita egon behar dute, elkar ez oztopatzeko.

  • Ikasleek sarbide erraza izan behar dute besteengana, irakaslearengana eta behar dituzten materialetara.

Azken eguneraketa, 2025/07/10

 D. Arauen garrantzia

Ikasleek arauak egiten parte hartzea oso gomendagarria da arrazoi hauengatik:

  • Gehiago onartzen eta betetzen dira.

  • Horien ulermena sustatzen du, haien formulazioa ikasleen lanaren emaitza baita.

  • Hezkuntza-tresna bihurtzen du araudia, hezkuntza-sisteman eragiteko aukera ematen baitu, balioak, jarrerak, autonomiaren eta autoerregulazioaren ikuspegitik.

 E. Rolak

Taldekide bakoitzari rol bat egokituko zaio. Rol bakoitzak bere eginkizuna izango du taldearen barruan. Beti ez dago zertan rol guztiak erabili, jardueraren arabera erabakiko dugu. Hauek izan daitezke erabili daitezkeen rol batzuk:

  • Material arduraduna: lanerako behar den materialaz arduratuko da. 

  • Idazkaria: adostutakoa idazteaz arduratuko da. 

  • Bozeramailea: taldeko lana besteen aurrean azalduko du. 

  • Denboraren arduraduna: denbora kontrolatu eta kudeatuko du.

  • Isiltasunaren arduraduna: taldekideek hitz egitean erabiltzen duten bolumena zainduko du.

Ikasleek rol bakoitzari dagokion papera ikasten joan beharko dute. Hona hemen rolekin lan egiten irakasteko urratsen proposamen bat:

  1. Ezarriko diren rolak hautatu.

  2. Taldean lan egiteko rolen beharraz jabetu.

  3. Denek rola zertan datzan ulertzen dutela ziurtatu.

  4. Rola praktikatzeko, egoera errepikatuak prestatu.

  5. Rola sartu eta aplikazioa berrikusi.

  6. Sartutako rolak praktikatu, horiek barneratu arte.