Zer da ikaskuntza kooperatiboa?
A. Definizioa
Ikaskuntza kooperatiboa ikasleen arteko elkarlana erdigunean kokatzen duen estrategia didaktikoa da. Aldi berean, ikasgelan inklusioa eta ekitatea bermatzen laguntzen du. Ikasleek talde heterogeneotan lan egiten dute, rol desberdinak euren gain hartuz, helburu komun bat lortzeko. Arrakastara bidean, ideiak, baliabideak eta trebetasunak partekatzen dituzte. Talde horien baitan, banakako indarguneak aprobetxatu eta ahuleziak gainditzen dira. Lan egiteko erabiltzen diren egiturek elkarrekintza aktiboa, elkarren arteko laguntza eta gizarte trebetasunen garapena sustatzen dute. Bide batez, komunitate-zentzua ere eraikitzen joaten da.

"Ikaskuntza kooperatibo oro taldeko ikaskuntza da, baina taldeko ikaskuntza oro ez da ikaskuntza kooperatiboa". Ovejero (1990)
B. Helburuak
-
Ikaskuntza kooperatiboaren helburua curriculumeko konpetentzia-ikaskuntzak garatzea da, talde-laneko dinamiken eta gizarte-interakzioaren bidez, argi eta garbi definitutako rolekin.
-
Enpatia, elkarrekiko laguntza, parte-hartzea, erantzukizunak hartzea, norberaren akatsen gaineko kontzientzia eta ikaskuntzaren autoerregulazioa sustatzen ditu, besteak beste. Gainera, ikasleen gizarte-trebetasunak, inklusibotasuna eta aniztasunarekiko arreta garatzen laguntzen du.
C. Printzipioak
-
Talde heterogeneoak.
-
Elkarlanerako trebetasunak.
-
Talde-autonomia.
-
Berdinen arteko interakzioak.
-
Parte hartzeko aukera berdinak.
-
Erantzukizun indibiduala.
-
Interdependentzia positiboa.
-
Kooperazioaren balioa.
D. Irakaslearen rola


E. Abantailak
-
Nia GU bihurtzen dugu: ikasgelan inklusioa eta ekitatea bermatzen laguntzen du.
-
Denok arduratzen gara taldearen ikaskuntzaz: interdependentzia positiboa sortzen da, taldekide bakoitzaren esfortzuak guztiei egiten die mesede.
-
Elkarrekin lan egitea elkarrekin ikastea da: ikasleek beren helburua lortzeko, ezagutzak eta baliabideak partekatu behar dituzte eta besteen arrakasta sustatu behar dute, elkarri lagunduz.
-
Erantzukizuna partekatua da: ikasle bakoitzak erantzukizun indibidual bat dauka, taldeak helburu komuna lortu dezan.
-
Elkarrekin bizitzen ikasten dugu: gizarte trebetasun desberdinak lantzen dira: konfiantza, gatazken kudeaketa, asertibitatea, autokontrola, erabakiak hartzea, komunikazioa...
-
Talde-ebaluazioa funtsezkoa da: irakasleak ikasle bakoitzaren eskuratze-maila eta taldearen funtzionamendua ebaluatu beharko ditu. Taldeak, aldiz, errendimenduaren autoebaluazioa eta helburuaren lorpen maila baloratu beharko du, baita taldearen eraginkortasuna ere.
Ondorioz, ikaskuntza kooperatiboak...
-
Espazio eta ikas-egoera inklusiboagoak sortzen laguntzen digu.
-
Ikasle guztiei parte hartzeko aukera ematen die, beren lana baloratua dela sentituz.
-
Ikaskideek elkarri laguntzen diote ikaskuntza-prozesuan aurrera egiteko.