Zientzia eta Teknologia

 

Etengabeko eraldaketan dagoen mundu honetan, hezkuntzak erronka globalak ulertzeko eta horiei ikuspegi, kritiko, etiko eta eraldatzaile batetik aurre egiteko gai diren herritarrak prestatzeko ardura du, adibidez, klima-aldaketa, osasun-krisiak, baliabide naturalen agorpena eta adimen artifizialaren garapena dira erronka horietako batzuk. Testuinguru honetan, zientzia eta teknologia ez dira eduki akademiko isolatu gisa ulertu behar, baizik eta tresna eraldatzaile gisa.

Hau dela eta, ezinbestekoa da ikasleek fenomeno konplexuak aztertzeko gaitasuna garatzea, sistema naturalen, sozialen eta teknologikoen arteko erlazioak ulertuta. Hezkuntzak ekintza eta erabaki teknologikoen etorkizuneko ondorioei buruzko hausnarketa sustatu behar du, eta horretan laguntzeko, zientziak eta teknologiak, curriculumean zeharka integratuta, funtsezko tresnak eskaintzen dituzte errealitatea aztertzeko, sistema konplexuak ulertzeko eta irtenbide berritzaileak diseinatzeko.

Ikuspegi horiek zientzia eta teknologiaren irakaskuntzan txertatzeak, curriculumeko edukien ulermena hobetzeaz gain, ikaskuntza gaur egungo erronka handien erdigunean jartzen du. Hala, hezkuntza gizarte bidezkoago, erresilienteago eta jasangarriago baterako aldaketa-eragile bihurtzen da, eta gai da ezagutza zientifikoa eta teknologikoa guztion onerako erabiltzeko. Ikuspegi hori ez da ikasgai jakin batera mugatzen; hainbat arlotan txerta daiteke, hezkuntza-etapa eta -maila bakoitzari egokituta.

Eskolak ahalduntze-espazio bihurtu behar du, non ikasleek sentitu behar duten jardun dezaketela eta benetako aldaketak eragin ditzaketela. Berrikuntza-proiektuei, eskola-ikerketari, herritarren zientziari edo teknologia jasangarrien garapenari esker, jakintza benetako testuinguruetan aplika daiteke, eta, hala, autonomia eta parte-hartze aktiboa indartu. Teknologiak gizartean, ingurumenean eta etikan duen eraginari buruzko hausnarketa sakona ere egin behar da.

 Herritartasun kritiko eta konprometituranzko bidaia progresiboa: curriculuma

Euskal hezkuntza-sisteman, zientzia- eta teknologia-arloaren irakaskuntza ez da edukien transmisio hutsera mugatzen. Haur Hezkuntzatik Batxilergoraino, gaur egungo gizarte- eta ingurumen-erronkekiko aurkikuntza, esperimentazioa, diziplinartekotasuna eta konpromisoa sustatzen dituen eboluzio-prozesutzat hartzen da. Ikuspegi horren helburua da ikasle konpetenteak prestatzea, pentsamendu kritikoa eta beren inguruan arduraz jokatzeko gaitasuna dutenak.

Haur Hezkuntzan, haurren jakin-min naturala da ikaskuntzaren motorra. Curriculumak inguruneari behatzea, galderak egitea eta aktiboki esploratzea sustatzen du, eta ikaskuntza-egoerak sortzen ditu, non jolasak eta manipulazioak aukera ematen baitute gertuko munduari buruzko lehen nozioak eraikitzeko. Horrela, behatzeko, konparatzeko eta ikertzeko gaitasunak txikitatik lantzen dira, eta pentsamendu zientifikorako oinarriak ezartzen dira.

Lehen Hezkuntzan, natura-, gizarte- eta kultura-ingurunea ulertzearen inguruan egituratzen da zientzien eta teknologia eta digitalizazioaren irakaskuntza. Ikasleek fenomenoak identifikatzen, hipotesi sinpleak formulatzen, behaketa sistematikoak egiten eta emaitzak erregistratzen ikasten dute; arazo ezberdinei soluzio bilatzeko lehenengo prototipoak eraikitzen dituzte eta pentsamendu konputazionala garatzen doaz ere.  Ikaskuntza zientifikoak eguneroko bizitzarekin lotzen dituen ikuspegi integratu batetik lan egiten da, kontzeptuak modu esanguratsuan eta funtzionalean ulertzen laguntzeko. Helburua da ikasleek ulertzea, zer ez ezik, nola eta zergatik gertatzen diren fenomenoak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, irakaskuntza zientifikoa eta teknologikoa sakondu eta espezializatu egiten da. Ikerketa zientifikoaren berezko metodoak xehetasun handiagoz sartzen dira, datuak aztertzeko eta irudikatzeko gaitasuna indartzen da, eta informazioaren interpretazio kritikoa sustatzen da. Gainera, zientziak eta teknologiak gizartean duten eraginari buruzko hausnarketa sustatzen da, pentsamendu etikoa, ingurumenarekiko sentsibilitatea eta erantzukizun soziala indartuz. Etapa honen bidez, errealitate zientifikoa sakon eta testuinguruan ulertzeko behar diren gaitasunak finkatu daitezke; teknologiaren erabilera etiko eta jasangarria ere planteatu egingo da STEAM proiektuetan aurreko etapetan bezala genero berdintasuna eta diziplinartekotasunaren gaiak kontuan hartuta.

Batxilergoan, ikasleek ibilbide espezifikoagoak aukera ditzakete, hainbat diziplina sakon aztertzeko aukera ematen dietenak, hala nola fisika, kimika, biologia, geologia edo teknologia eta ingeniaritza. Espezializazio horrek ez du alde batera uzten ikuspegi globala eta diziplinartekoa, lanean jarraitzen baitugu arazo konplexuak konpontzen, arrazoitzen eta oinarri zientifikoko erabakiak hartzen. Ahalegin berezia egiten da gaur egungo erronka handietan —hala nola klima-aldaketan, jasangarritasunean eta berrikuntza teknologikoan—, eta ezagutzaz, etikaz eta konpromiso sozialaz jarduteko gaitasuna sustatzen da.

Ibilbide horretan zehar, euskal curriculumak ezagutzak ez ezik jarrera zientifikoak ere garatzen dituen irakaskuntza-eredu bat proposatzen du: jakin-mina, zorroztasuna, pentsamendu logikoa, sormena eta gizateriaren arazoekiko sentsibilitate ekintzailea sustatuz. Azken helburua da mundua ulertzeko gai diren pertsonak prestatzea, mundu horretan aktiboki parte hartzea eta mundua modu justu eta jasangarrian eraldatzen laguntzea.

 Irakasleen prestakuntza Sareak

Zientzia eta teknologiaren curriculuma egoki garatzeko, ezinbestekoa da irakasleen prestakuntza etengabea. Horretarako, Unibertsitate-Eskola-Berritzegune arteko elkarlana sustatu behar da, hezkuntza-ikerketa eta praktika onen trukea bermatzeko. Didaktika zientifikoan, alfabetizazio ekologikoan eta teknologia berrien erabileran sakontzeko formazio egonkor eta eguneratua eskaini behar da. Gainera, sare egonkorrak sortzea garrantzitsua da; hau da, proiektu komunitarioak, sormen laborategi teknologikoak, herritarren zientzia eta ingurumen-hezkuntzako jarduerak gune partekatu bihurtu behar dira.

 Etorkizuneko erronkak

Oinarrizko hezkuntzan, hezkuntza zientifiko eta teknologikoak erronka giltzarriak ditu aurrez aurre, hala nola teknologia berrien integrazioa (IA, programazioa, robotika), diziplina arteko irakaskuntza (STEM ikuspegiak), pentsamendu kritikoaren garapena, alfabetizazio digitala eta jasangarritasunerako hezkuntza. Erronka horiei erantzuteko, irakasleek etengabeko prestakuntza behar dute tresna digitalen, metodologia aktiboen eta zientziari, ingurumenari eta teknologiari buruzko eduki eguneratuen erabilera pedagogikoan. Gainera, gaitasunak sendotu behar dira irakaskuntza inklusiboa, bidezkoa eta benetako arazoetan oinarritua izan dadin, eta etengabeko ikaskuntzaren kultura sustatu behar da, irakaslea hezkuntza-aldaketaren bitartekari izan dadin.